HEZKUNTZA

LOMCEren aurkako helegitea jarriko du Jaurlaritzak

Eskumenetan oinarrituko du salaketa Jaurlaritzak. Denera, hemeretzi artikulu salatuko ditu.

LOMCEren kontrako jarrera agertzeko hainbat erkidegotako Hezkuntza sailburuen agerraldia, urtarrilean. BALLESTEROS, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko otsailaren 25a
22:48
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko du Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza erreforma bertan behera utz dezan. Gaurko gobernu kontseiluan hartu du erabakia Jaurlaritzak. Martxoaren 10a baino lehen jarriko du salaketa Madrilen.

Eskumenetan oinarrituko du helegitea Jaurlaritzak. Batetik, ikasgaien antolaketa Madrilek beretzat hartu duela salatu du Jaurlaritzak. Bestetik, edukiak, ebaluazio irizpideak eta horrelakoak Espainiako Gobernuak zehaztuko dituela, erkidegoei tokirik utzi gabe —ikasgai nagusietako edukiak oso-osorik zehaztuko ditu Hezkuntza Ministerioak—. Horrez gain, ebaluazioa aipatu dute: amaierako azterketak izango dira irakats-aldi bakoitzean, eta Madrilek zehaztuko du proba bakoitza —azterketa berbera izango da Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katanaletan eta Galizian—.

Denera, LOMCE legeko hemeretzi artikuluren aurka joko du Jaurlaritzak. Eskumenez gain, beste gai batzuk ere aipatu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak: lanbide heziketarako sarbidean jarritako mugak, eskola kontseiluari pisua kentzea...

Martxoaren 10era arteko epea dago auzitara jotzeko. Nolanahi ere, kontuan izan behar da helegitea jartzeak ez duela LOMCEren ezarpena geraraziko. Uriartek berak aitortu du "urteak" joango direla Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat hartu arte. Irailean jarri behar da martxan legea, baina Uriartek berretsi du “ezinezkoa” dela hori egitea, ez dagoela denborarik.

Espainiako Hezkuntza Ministerioak eman behar du hurrengo pausoa. Curriculum dekretuak kaleratu behar ditu. Zirriborroak ezagutarazi zituen Eguberri inguruan. Zirriborroetako edukiak ikusita, Jaurlaritza aztertzen ari da dekretuak argitaratzen dituztenean Espainiako Auzitegi Gorenean salaketa jartzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.