hezkuntza

LOMCEren aurkako manifestaziora deitu dute urriaren 11rako Hegoaldeko hiriburuetan

Hezkuntza sistema "propioa" aldarrikatu dute hezkuntza arloko eragileek. Berrogei ikastetxek intsumisioa hautatu dute LOMCEri aurre egiteko, 'El Correo' kazetak dioenez.

Hezkuntzako eragileen protesta, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
2014ko irailaren 22a
07:47
Entzun

Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez! leloa aterako dute urriaren 11n Iruñeko, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako kaleetan. ELA, LAB eta EILAS, Hezkuntza Plataformen Topagunea, Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Udako Euskal Unibertsitatea eta Hik Hasi dira manifestazioaren deitzaileak.

Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma gelditu eta "hezkuntza sistema propio bat" izatearen alde agertu dira eragileak. Uste dute urriaren 11rako antolaturiko mobilizazioak "abiapuntua" izan behar duela, eta alde guztiei dei egin diete dagozkien "konpromisoak" hartzeko.

"LOMCEri gure ezezkoa adierazteaz gain, hori ez aplikatzeko konpromiso zehatza hartuko dugu. Eta gure hezkuntza eredua eraikitzeko bidean urratsak egiteko hautua egingo dugu".

Berrogei ikastetxeren intsumisioa

Maiatzean, LOMCEren kontrako desobedientzia egituratzeko bildu ziren hezkuntzako eragileak. Orduan, legearen kontra desobedientziaren bidean egin zitezkeen urratsez gogoeta egin eta oinarriak jartzea izan zuten helburu. El Correo-ren arabera, eragile horiek, hainbat plataformatan egituratuta, "orientazioa" eskaini diete hezkuntza zentroei: berrogei ikastetxek intsumisioa aukeratu dute, eta ez dute erreforma ezarriko —zehaztu du horietako hamazazpi Araban daudela—. Sindikatuen iturriak aipatzen ditu kazetak informazioa ematean.

Aurtengoa izango da LOMCE legea aplikatzen hasteko lehenengo ikasturtea, eta horrek hezkuntza eragileen estreinako protesta eta mobilizazioak ekarri ditu. ELA, LAB, EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Udako Euskal Unibertsitatea eta Hik Hasi kalera atera dira ikasturtearen hasierarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.