HEZKUNTZA

LOMCEren ezarpena aztertuko dute Wertek eta erkidegoek

Erreformaren aurka dauden erkidegoek ohartarazi dute irailean martxan jartzea ezinezkoa dela. Jaurlaritzak eta beste lau gobernuk agerraldia egingo dute eguerdian: atzerapena eskatuko dute. Bilera 16:00etan hasiko da.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urtarrilaren 29a
12:07
Entzun

LOMCE hezkuntza erreformaren ezarpena nolakoa izango den aztertzeko, bilera dute gaur autonomia erkidegoek eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Joan den azaroan onartu zuten legea Espainiako Kongresuan, eta indarrean jartzeko garaia dator orain. Egutegiaren arabera, irailean jarri beharko lukete martxan lehen hezkuntzan ―lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan―, eta oinarrizko lanbide heziketa ere abiarazi beharko lukete. Epeak oso estuak dira, ordea.

Espainiako Hezkuntza Ministerioa hasia da curriculum berriak prestatzen. Zirriborroak egin ditu, eta gaurko bileran horiek ere aztertuko dituzte. Urrats asko falta dira, hala ere. Curriculum berriari buruzko dekretuak onartu eta argitaratu behar ditu Espainiako Gobernuak lehenik, eta, ondoren, erkidegoek osatu egin beharko dituzte ―orain arte baino askoz zeresan gutxiago izango dute, nolanahi ere―. Horren ondoren hasiko lirateke argitaletxeak liburuak atontzen, eta, behin horiek amaituta, erabiltzeko baimena jaso beharko lukete.

Ezinezkoa dela esan du Jaurlaritzak, ez dagoela astirik hori guztia irailerako egiteko. Hain zuzen ere, hori bera ohartaraziko diote erreformaren aurka agertu diren erkidegoek Jose Ignacio Wert ministroari bileran. 16:00etan dute hitzordua. Aurrez, ordea, argazki bat egingo dute erreformaren aurkako erkidegoek: agerraldi bat egingo dute, Jaurlaritzarekin batera, Kataluniako Generalitateak, eta Andaluziako, Asturiasko eta Kanariar uharteetako gobernuek. Denbora galdegingo dute.

Jaurlaritzak baztertua du intsumisioaren bidea, eta gaurko agerraldian ez dute intsumisio asmorik agertuko. Legea betetzea ezinezkoa dela nabarmenduko dute, eta atzerapen bat eskatuko diote Wert ministroari. Horretarako asmorik ez du agertu orain arte Madrilgo gobernuak, eta presaka ari da dekretuak onartzeko bidea egiten.

Diru kontuak ere mahai gainean daude. Erreformak zenbateko gastua izango duen erabat argitzeko du ministerioak, eta hori kezka iturri da erkidegoentzat, haiena baita hezkuntzako eskumena. PPren esku dauden erkidego batzuk ere kexatu zaizkio Werti, diru kontuak direla eta. Erreforma “lasai eta txukun” ezartzearen alde egin dute alderdi horretako sailburu batzuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.