Gaur izan da Londresen Antton Troitiño Arranz (Donostia, 1957) euskal presoaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera dela medio, eta Westminsterko Auzitegiko Michael Snow epaileak ukatu egin dio bermepeko askatasuna. Haren arabera, presoak ihes egiteko arriskua dago. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinari buruz epai irmoa eman bitartean bermepeko askatasuna emateko eskatu zuen defentsak.
Troitiñok urriaren 16an berriro deklaratu beharko du, bideo konferentziaz.
Erresuma Batuko Poliziak ekainaren 29an atxilotu zuen Troitiño, Londresen, ETArekin lotuta. Fiskaltzak ondoren eskatu zuen behin-behinean libre uzteko, defentsak aipatutako arrazoi beragatik.
Hain zuzen, Ines del Rio Prada euskal presoak jarritako helegiteari jarraiki, Parot doktrina onargarria ez dela ebatzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Hirugarren Aretoak uztailean, eta atzera bota zuen Espainiako auzitegiek euskal preso politikoei zigorra luzatzeko erabiltzen duten 192/2006 doktrina. Espainiako Gobernuak helegitea jarriko duela esana du.
Troitiño 2011ko apirilean geratu zen aske, kartzelan 24 urtean egon ondoren. Berez, 2011ko urtarrilaren 4an behar zuen aske, baina espetxealdian prebentibo moduan emandako denbora zela-eta 2017ra luzatu zioten zigorra. Aske uzteak polemika handia eragin zuen Espainiako politikagintzan eta Justizian. Lehen harrera jaso ostean, desagertu egin zen Troitiño.
Iazko arazoan hari espetxe zigorra sei urte luzatzeko erabakia berretsi zuen Auzitegi Gorenak, Auzitegi Nazionalak euskal herritarra aske utzi eta astebetera hartutako erabakiari oniritzia emanez.