Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Lopez: «Euskadi eraikitzeko ez da gauza bera Raxoi edo Rubalcaba»

Jauregik hauteskundeen garrantziaz «gogoeta» egiteko eskatu die euskal herritarrei, baita abetzaleak direnei ere

Jauregi, Rubalcaba eta Lopez, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Azaroaren 20an euskal gizarteak bi hautagairen artean aukeratu beharko du: PSOEko Alfredo Perez Rubalcaba edo PPko Mariano Raxoiren artean. Hala uste du Patxi Lopez EAEko lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak. Bi hautagai horien artean alde handia dagoela uste du, eta zalantzarik ez du «Euskadiren etorkizuna eraikitzeko» Rubalcaba dela egokiena. «Ez da gauza bera Rubalcaba edo Raxoi Euskadiren etorkizuna eraikitzeko. Lehena erabat engaiatuta dago gizartearen arazoekin; bigarrena, ez».

Sozialistek proposatzen duten gizarte ereduarekin talka egiten du erabat PPrenak, Lopezek Gasteizen emaniko mitinean atzo esan zuenez. Haren ustez, «elkartasunaren, austeritatearen eta lankidetzaren» eredua da PSOErena, eta «arduragabekeria, murrizketa eta pribatizazioarena» PPrena. Era berean, bakegintza arloan ere Euskadiren interesen alde egingo dute sozialistek, eta kontra popularrek.

Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministroak, berriz, gogorarazi zuen Espainiako hauteskundeak «garai erabakigarri» batean egingo direla. «Euskadi bidegurutze historiko batean dago, bakea sendotu daitekeelako», esan zuen. Baina PSOEren eskutik baino ez da bake bidea egoki jorratuko, Jauregiren irudiko: «Rubalcabak eta Lopezek soilik lor dezakete bakea sendotzea, herria adiskidetzea eta biktimen memoriaren gainean berriro eraikitzea». Hori horrela, Jauregik euskal herritarrei dei egin zien, «baita alderdi abertzaleei botoa ematen dietenei ere», hauteskundeen garrantziaz «gogoeta» egiteko eta etorkizuna Rubalcabaren edo Raxoiren eskutik eraiki nahi duten erabakitzeko.

Horrez gain, azpimarratu zuen Espainiak Euskal Herriko eredu sozial eta ekonomikoari begiratu beharko liokeela «lehen mailako herrialdea izan nahi badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.