Lopez: «Ezker abertzaleak ekintzekin erakutsi behar du serio ari dela»

Jaurlaritza ez da bilduko Nazioarteko Harreman Taldearekin, haren iritzia ez dela «baliagarria» uste duelako

Txelui Moreno —hirugarrena—, atzo, ERCko kideekin prentsaurrekoa ematen. BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak egin duen apustu politikoa «zuhurtziaz» jaso du Patxi Lopez lehendakariak. ETAren indarkeria errefusatzea «berritasuna» dela aitortu arren, ezinbestekotzat jo du mundu horrek «ekintzak» egitea, «serio ari dela erakusteko». ETB2 katean egin dioten elkarrizketan adierazi du hori lehendakariak. Ezker abertzaleak egin beharko lituzkeen ekintzez galdetuta, lehendakariak esan du ETAren desagerpena eskatu beharko lukeela, indarkeria amaitzeko elkarlanean aritu beharko litzatekeela gainerako alderdiekin eta ETAk orain arte egindako atentatuak errefusatu beharko lituzkeela.

Lopezek espero du Espainiako Auzitegiek legezkotzat jotzea Sortu, «horrek esan nahiko duelako ibilbide demokratikoa egin duela». Ordea, ez du uste Jaurlaritzak pausorik eman behar duenik alderdi hori legezkoa bada: «Sortu da urratsak egiten jarraitu behar duena. Legezkoa bada, hauteskundeetara aurkeztuko da, eta kito. Ez diogu ezer zor». Adierazi duenez, «zuhurtzian, irmotasunean eta zero tolerantzian» oinarrituko da Jaurlaritzaren ibilbide orria.

Oso bestelako iritzia du Jesus Egiguren PSEko presidenteak. Ezker abertzalea maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan egongo dela ziur da: «Modu batean edo bestean ezker abertzalea hauteskundeetan izango da». Haren aburuz, Sortuk egon beharko luke bozetan, «legezkoa izateko eskakizun guztiak betetzen dituelako»; haatik, legez kanpo uzten badute ezker abertzaleak hauteskundeetan aurkezteko beste bideren bat aurkituko duela uste du: «Plataformen bidez edo beste zerrenda batzuei laguntza emanez egongo da ezker abertzalea, baina onena legezko bezala egotea da».

PSEko presidentearen irudiko, Eusko Jaurlaritza «ezin da geldirik egon» ezker abertzalearen pausoen aurrean, eta apustu hori «egiazkoa» dela egiztatu beharko luke. Behin apustua benetakoa dela egiaztatuta, Jaurlaritzak «bizikidetza eta adiskidetze giroa sortu» beharko luke, eta ostean, esparru politikoari buruzko eztabaidari heldu beharko lioke, haren aburuz. Alderdien Legearen osotasunarekin ez dagoela ados esan du PSEko presidenteak. «Akats bat du: ez ditu legez kanpo utzitako horiek lege barruan berriro sartzeko tresnak ezarri».

Bestalde, Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak ohartarazi du justiziak Sortu legez kanpo utzi dezakeela nahiz eta bere estatutuak legezkoak izan. Jauregiren ustez, ezker abertzaleak erakundeetara itzuli nahi badu, estatutu «garbi-garbiak» izatearekin batera, ETArekin «erabat» apurtu duela erakutsi beharko du. «Ordea, ETA existitzen den bitartean ezker abertzaleak zama hori eramango du, eta harekin ez duela guztiz haustu ondorioztatu dezakete epaileek», nabarmendu du.

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearen iritziz, berriz, ezinbestekoa da euskal gizartearen «argazki osoa» egotea erakundeetan, eta, horretarako, Sortuk legezkoa izan behar du. Haren esanetan, normalizazio politikoarentzat «onuragarria» litzateke Sortu legezkoa izatea eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzea. Hori esanda, ezker abertzalearen legeztatzearekin «hizkuntza anbiguoa» erabiltzea eta «eskuak garbitzea» leporatu die PSOEri eta PPri, eta eskatu die hauteskunde interesak alboratu eta Sortu legeztatu dezaten, «azken minutuan bada ere».

Bestalde, Eusko Jaurlaritza ez da bilduko Euskal Herriko bake prozesuan laguntzeko eratu den Nazioarteko Harreman Taldearekin, Idoia Mendia eledunak jakinarazi duenez. Jaurlaritzarentzat talde hori ez da beharrezkoa: «Guk ez ditugu deitu eta ez diegu ezer eskatu. Uste dugu euskal gizartea eta erakundeak helduak garela gure arazoak konpontzeko». Mendiak azaldu du gobernuak ez duela aditu taldearekin bilerarik egiteko gonbidapenik jaso, baina iritsita ere ez dela bilera hori egingo. Areago, Jaurlaritzako eledunak uste du foru aldundiek adituekin bilera egin nahi badute «euren burua ez dutelako heldu ikusten» izango dela. Mendiak iritzi dio nazioarteko bost adituen iritzia ez dela «baliagarria», haien esperientziak ez duelako zerikusirik Euskal Herriko egoerarekin.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, ostera, hitz gogorrak erabili dituaditu taldearen aurka. Basagoitiren ustez, Brian Currin «prozesuen mertzenario» bat da, eta Euskal Herriko egoeran eskua sartzeko «banda bat» ekarri du Euskal Herrira. Hala, taldeko kideei ETAren aurkako borrokan trabarik ez jartzeko eskatu die PPko buruak.

H1ek, berriz, ontzat jo du nazioarteko taldeak «ETAren amaiera lortzeko» elkarlanean aritzeko erakutsitako «gogoa». Hala ere, ETAren amaiera egiaztatzea euskal gizarteari eta bere erakundeei dagokiela uste du.

ERCren babesa

ERC alderdiak babesa agertu dio ezker abertzaleari, eta kritikatu du Espainiako Gobernuak Sorturen legeztatzea eragotzi nahi izatea. ERCko eta ezker abertzaleko ordezkaritza bana astelehenean batzartu ziren Bartzelonan, eta bilera amaitzean Joan Puigcercos ERCko buruak esan zuen legeztatzearekin «normalizazio politikoan aurrera» egingo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.