Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatzen badute, euskal presoen familiek haiek bisitatzeko egiten dituzten joan-etorrietarako diru laguntzak baliogabetuko dituela adierazi du Rodolfo Ares PSE-EEko antolakuntza idazkariak gaur. Jaurlaritzak 2006tik ematen ditu diru laguntza horiek eta PPk eta PSE-EEk ez dituzte laguntzok babestu inoiz. Orain bi alderdi horiek akordioa egitear dira Jaurlaritzara begira -Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa dute, emaitza ofizialak kontuan hartuz gero-.
Presoen eskubideen aldeko laguntzak abian ez jartzeko beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela adierazi du Aresek. Haren ustez, "diru laguntza horiek ETAren biktimak erabat mintzen dituzte”.Gainera, "terrorismoarekin amaitzeko hori gaitzesten ez dutenei laguntza publikoak ematea ez da zentzuduna".
Antzera mintzatu da Antonio Basagoiti EAEko PPko lehendakaria. "Lotsagarria da laguntzok ematea eta Jaurlaritza berriak hori bukatuko du. Terrorismoa babesten edo justifikatzen dituztenei edo horien senideei euro bakar bat ere ez diegu emango, hori jasoko du PSErekin egingo dugun akordioak".
Horrez gain, jarduneko Eusko Jaurlaritza hartzen ari den "presazko" erabaki guztiak gainbegiratu egingo dituztela adierazi du Aresek. Justizia Sailak bere aldetik, diru laguntzen deialdiarekin ez direla presaka ibili adierazi du. Aurreko urteetako deialdiaren oso antzekoa delako, lehenago ireki dutela deialdia nabarmendu dute.
Eusko Jaurlaritzak, presoen familiek iaz egin zituzten joan-etorrietarako, 225.081 euroko laguntza emateko deialdia egin zuen atzo. Eskaerak egiteko hilabete izango da, gaurtik hasita.
Gaur egun 750 bat euskal preso politiko daude eta ia denak Euskal Herriko espetxeetatik kanpo dauzkate.
Euskal presoak
Lopez lehendakari izendatzen badute, euskal presoen familiek ez dituzte jasoko diru laguntzak
Bisitetako joan-etorrietarako laguntzak ez emateko beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela adierazi du Aresek. "Diru laguntza horiek ETAren biktimak erabat mintzen dituzte”. Jaurlaritzak 225.081 euroko laguntza emateko deialdia egin zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu