ezker abertzalearen legeztatzea

Lopez: "Orain arte entzun ez ditugun gauzak esan ditu ezker abertzaleak"

"Lehenago ETAri babesa eman diotenak, orain demokrazia eta legedia onartzen dutela esatea demokraziaren esparrua handitzea da", Jaurlaritzako lehendakariak dioenez. "Baloratu egiten ditugu pauso horiek".

2011ko otsailaren 7a
20:15
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, "orain arte entzun ez ditugun gauzak esan ditu ezker abertzaleak". Hain zuzen, ezker abertzaleak gaur goizean aurkeztu ditu bere alderdi politiko berriaren ezaugarriak eta estatutuak, Bilbon, eta indarkeria baztertu egiten duela esan du -ETArena barne- eta Espainiako Alderdien Legea beteko duela. "Jaurlaritzak baloratu egiten ditu pauso horiek", Lopezek adierazi duenez, baina ez du hura legeztatzeko eskatu. "Auzitegiek erabakiko dute".

"Egoera hau orain arte demokrazia zaleak egin dugun borrokaren ondorioa eta emaitza da. Orain askatasun osoa hurbilago dago, terrorismo zaleak gutxitu daitezkeelako", Lopezen esanetan. "Lehenago ETAri babesa eman diotenak, orain demokrazia eta legedia onartzen dutela esatea demokraziaren esparrua handitzea da".

ETA desagertzeko bidean eta "Zuzenbide Estatua eta gure erakunde demokratikoak defendi ditzaten" lana egiteko eskatu dio Jaurlaritzako lehendakariak ezker abertzaleari, eta ekintzekin ere erakusteko indarkeria errefusatzen duela.

Lehendakaritzan mintzatu da Lopez, arratsaldeko bostetan. Euskaraz eta gazteleraz adierazpen laburra irakurri du, galderarik onartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.