Xabier Lopez Peña zenaren heriotzaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Herrira-k Frantziari; "erantzunak" galdegin dizkio, jakiteko zer gertatu zen euskal presoa erietxera joan zenetik hil zen arte. Kexu formal bat aurkeztu du plataformak Frantziako kontsulatuaren egoitzan, Bilbon, eta elkarretaratze bat egin dute hurrena.
Roberto Noval Herrira-ko bozeramaileak salatu du ez dietela azaldu aste horietan zer gertatu zen Lopez Peñarekin, eta gaineratu du ez duela ulertzen zergatik tratatu duten Lopez Peñaren sendia "hain era bidegabean". Novalek gogorarazi du oztopoak jarri dizkietela senideei hilotza Euskal Herriratzeko. Halaber, kritikatu du 2008an atxilotu zutenetik "etxetik eta lagunetatik 1.000 kilometro baino gehiagora" izan duela Frantziak Lopez Peña.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak jakinarazi du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltz ohartaraziko duela Herrira-k larunbaterako deitu duen protestaz. Urkijoren ustez, Lopez Peña omentzeko antolatu dute etziko mobilizazioa, eta hori "terrorismoa goratzea" izan liteke.
Novalek erantzun du "bakearen eta gatazkarentzat konponbide politikoaren apologia" egingo dutela Bilbon larunbatean izango den mobilizazioan. Presoen eskubideak errespetatzeko eskatuko dute etziko martxan, Novalek azaldu duenez. Halaber, Ibon Fernandez Iradi presoa libre uzteko eskatu dute elkarretaratzean. Frantzian dago preso, eta esklerosi anizkoitza du.