Frantziako administrazioek Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren senideei eman dieten tratu "ankerra" kritikatu du gaur Sortuk, eta presoaren heriotza Espainiaren eta Frantziaren espetxe politiken ondorio dela nabarmendu du. Gertatutakoaren inguruan "azalpen eta egia osoa" eskatu diote Frantziari Xabi Larralde eta Amaia Izko Sortuko eledunek.
Joan den astean hil zen Lopez Peña, eta senideek oztopoak izan dituzte hilotza Euskal Herriratzeko. Horrelakorik berriro gerta ez dadin, hainbat neurri ezartzeko eskatu die alderdiak bi gobernuei: gaixorik dauden presoak aske uzteko, baldintzapeko askatasunerako baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzeko eta presoen sakabanaketa amaitzeko.
Sortuk uste du "erabat tamalgarria" dela Frantziak Espainiarekiko gatazkaren konponbide prozesuarekiko duen "erabateko lerrokatzea". Horren aurrean, herritarrak "bakearen bidean mobilizatuak eta engaiatuak" daudela nabarmendu du, eta alderdiak "sostengu osoa" adierazi dio bihar Herrira-k Bilbon antolatu duen manifestazioari.
"Arduraz jokatzeko" eskatu diote Izkok eta Larraldek Frantziako presidente François Hollanderi. "Gatazka politikoa behin betiko gainditzeko aukera historikoaren aitzinean dagokion arduraz aritu dadila".