Patxi Lopez lehendakariak Cadena SER irratian egindako elkarrizketa batean salatu du ezker abertzaleak aurrerapausoak "presionatuta" sentitzen denean soilik egiten dituela. Lehendakariak esan du "desilusionatuta" sentitzen dela, "badirudi ezker abertzaleak legez kanporatzeen eta epaiketen aurrean soilik ematen dituela aurrerapausoak". Horregatik, ezker abertzaleari "atzera ez egiteko" eskatu dio.
"Ezker abertzaleari eskatzen diogu biktimen eta eragindako min guztiaren aitortza egin dezala, hori da bide demokratiko bat abiarazteko lehen baldintza. ETA desagertzea ere eskatu behar du, eta gure bizitzetatik desager dadin lan egin behar du anbiguotasunik gabe".
"Konbentzituta gaude ETAren amaieran gaudela eta ETA garaitua izan dela badakielako ez duela inoiz ezer lortuko indarkeriaren bidez", esan du Lopezek. Gogorarazi du jadanik bi urte pasatu direla ETAren atentaturik gabe eta "estorsioa" amaitu egin dela, baina zehaztu du amaiera hori ezin dela "ez presoen truke, ez beste ezeren truke" eman.
Lopezek Martin Garitano Gipuzkoako diputatuak egindako deklarazio batzuei buruz ere hitz egin du: "Arbuiagarria iruditzen zait Garitanok esatea biktimen momentua oraindik ez dela iritsi. Biktimen momentua aspaldi iritsi zen Euskadira, eta argi izan behar dugu beren memoriaren gainean eraiki behar dugula elkarbizitza, ez badugu hainbeste urtetan jasan duguna berriz sufritu nahi".