Egindakoaz harro, eta lortutakoaz ezin harroago. Hori da, hitz gutxitan, atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek bere alderdikideei aurkeztu zien balantzea Eusko Jaurlaritzan bi urte eta erdian egin duten lanaz. Bilbon izan zen, PSE-EEren Batzorde Nazionalean, kongresu arteko bilera nagusian.
«Ez da gobernurik hain denbora gutxian geurea bezalako balantzea aurkez dezakeenik», adierazi zuen Lopezek. Eta hiru puntutan laburbildu zuen egindakoa: «Eutsi egin diogu Euskadiri, krisirik okerrenean; zerbitzu publiko guztiei eutsi diegu, eta kasu askotan hedatu ere egin ditugu, eta ETA amaitu dugu».
«Azkenean, aske gara denok»
ETAk armak utzi izana bere gobernuaren lorpen gisa aurkeztu zuen PSE-EEko idazkari nagusiak. «Harro egon gaitezke gure lorpenekin, baina bereziki, harro egon gaitezke ETAren terrorismoari amaiera eman diogulako. Gaur, azkenean, aske garelako denok», esan zuen Patxi Lopezek. «Gobernuan sartu ginenean inork ez zukeen esango bi urte eta erdian ETArik gabeko Eguberriak ospatuko genituela. Bada, hala izango da».
Lehendakariak onartu zuen ETAren jardunaren amaiera «askoren lanari esker» izan dela, «baina gobernu sozialistak [Jaurlaritzakoa eta Espainiakoa] erabakigarriak izan dira», gaineratu zuen. Sozialisten jarrerari meritu handiagoa eman zion, gainera: «ETA amaitu dugu; jende askoren laguntzarekin lortu dugu, baina baita, askotan, bakarrik ere», esan zuen, eta «hona iristeko» neurri guztiak «babestu» dituztenak eurak izan direla nabarmendu zuen. «ETAren amaiera lortu eta herritar guztien askatasun pertsonala ziurtatzeagatik, horregatik bakarrik ere, merezi izan du euskal sozialista izatea eta Eusko Jaurlaritzan egotea», goraipatu zuen. «Hau da gure ondarea etorkizunarentzat: denen esku jarri dugu askatasuna».
Aurrera begirakoa
Alderdikideei Jaurlaritzaren gaineko balantze hori eginda, legegintzaldia amaitzeko asmo irmoa duela berretsi zuen Lopezek, «egindakoa asko izanik ere, egiteko asko daukagulako», adierazi zuen, eta EAJri zuzenduz hau erantsi zuen: «Nahisz eta batzuk presaka ari diren hauteskundeak aurreratu nahirik lehendakarigairik ez badute ere».
Egitekoen artean enplegua sortzea eta zerga sistema «justuago» bat lortzea aipatu zituen, batetik, eta «Euskadin elkarbizitza ezartzeko lanean jardutea» eta «Euskadi ireki eta askotarikoa gidatzea», bestetik. Azken bi helburu horietarako bide orri gisa Eusko Legebiltzarrean udazkenean aurkeztu duen dekalogoa jarri zuen Jaurlaritzako lehendakariak: «Elkarbizitza sendotzeko euskal gizartearen aniztasuna onartu behar da; denok elkarrekin bizitzeko borondatea indartu behar da, biktimen mina onartu behar da, sistema demokratikoa onartu behar da». Eta hortik aurrera, «espetxe politika malguago bat ezartzea eta sistema demokratikoa onartzen duten alderdi politiko guztiak legeztatzea ere etorri beharko dira», gaineratu zuen.
Lopezek bere gobernuaren lorpen gisa jo du ETAren jardunaren amaiera
Legegintzaldia amaitu egingo duela esan du, «batzuek presa duten arren lehendakarigairik ez edukita ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu