Ohi baino maizago joan beharko du Patxi Lopezek Madrilera, Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisaez ezik, PSOEren zuzendaritza berrian dituen betekizunei erantzuteko ere. Alfredo Perez Rubalcaba idazkari nagusi berriaren lantaldean Harreman Politikoetarako idazkari izendatu dute Lopez; hark, baina, argitu du horrek ez duela eraginik izango lehendakari gisa dituen arduretan, eta nabarmendu du bere xedea lehendakari izaten jarraitzea dela. Aurrera begira, berriz lehendakarigai aurkezteko nahia agertu du Lopezek. «Agintaldia amaitu nahi dut, eta hurrengo hauteskundeetan aurkeztu», adierazi du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Argitu duenez, PSOEn izango duen kargua «pisu politiko handikoa» bada ere, ez dauka loturarik alderdiaren kudeaketarekin. Ukatu egin ditu, halaber, Madrilgo politikara salto egingo duela dioten zurrumurruak.
Alderdiko idazkari nagusia izendatzearekin batera, zuzendaritza eta batzorde federalak berritu ditu PSOEk, asteburu honetan Sevillan egin duen 38. batzarrean.Euskal sozialistek lau kide izango dituzte zuzendaritzan eta bost batzordean. Zuzendaritza berritik erori dira Javier Rojo Arabako PSE-EEko presidentea eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua —batzorde federalera pasako da Ares—. Eduardo Madina diputatu bizkaitarrak jarraituko du, baina bokal moduan, idazkaritzarik gabe —PSOEren talde parlamentarioko idazkari nagusi izendatu dute—. Nafarroako sozialistek, berriz, kide bat izango dute zuzendaritza berrian, Juan Moscoso diputatua; Europako Harremanetarakoidazkaria izango da.
Batzorde federalari dagokionez, bertan zuen aulkia utziko du Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak, berak horrela eskatu duelako, PSOEko iturriek albiste agentzia bati esandakoaren arabera. Eguigurenek bost urte zeramatzan batzorde federalean. Karguan mantenduko dira, Ramon Jauregi, Isabel Zelaa eta Jose Maria Benegas, Txiki. Rodolfo Aresek eta Susana Corcuerak osatuko dute boskotea.
Zuzendaritzako eta batzordeko kideen osaketarekin amaitu da PSOEren 38. batzarra. Euskal sozialisten gehiengoak Rubalcabaren aldeko hautua egin zuen. Hala ere, batzordearen ondoren eginiko adierazpenetan alde batekoek zein bestekoek nabarmendu dute alderdia «batuta eta indartuta» atera dela batzarretik, Hori bera adierazi du Gema Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak—Carme Chaconen alde egin zuen hark—. Lopezek ere, ideia bera azpimarratu du Radio Euskadin eginiko adierazpenetan.
Horrekin batera, Egigurenek pasa den astean proposaturiko euskal konstituzioaren inguruan mintzatu da Lopez, eta adierazi du Gernikako Estatutua dela «Euskadiko konstituzioa». Hala ere, «autogobernua, bizikidetza eta ezberdinen arteko ituna hobetzeko» bada, esparru aldaketa posible dela gaineratu du. «Ez dut ukatzen hori hobetu behar denik, sendotu, baina muturrera eraman gabe». Haren arabera, beti bilatu behar da «euskaldunen arteko ituna», «denak %100 ados egon ez arren, denak eroso egoteko». «Ulertu behar da ezberdinak garela, askotarikoak ideietan, baina horri gehitu egin beharko genioke askatasuna eta berdintasuna». Lopezen arabera, baina, Jaurlaritzaren lehentasunak dira indarkeriaren amaiera errotzea, normaltasuna sustatzea eta krisialdi ekonomikoari aurre egitea. «Gobernura iritsi ginenean gure lehentasuna ETA desagertzea zen, eta jarduera armatua amaitzea lortu dugu. Hala ere, garai hau sendotu behar dugu».
Lopezek dio agintaldia amaituko duela eta berriz aurkeztuko dela
PSOEren zuzendaritzatik kanpo geratu da Ares; Madinak bertan jarraituko du, eta Moscoso eta Lopez sartu dira, lehen aldizGarai berria sendotzea eta krisialdiari aurre egitea da lehendakariaren lehentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu