Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan jasandako boto galera dela, edota Arabako sozialisten artean azken egunetan piztutako polemika dela, Patxi Lopezek ezohiko batzar nazional korapilotsu bati egin behar izan zion aurre atzo. Hiru herrialdeetako agintarien aurrean, sozialisten idazkari nagusiak bere gain hartu zuen alderdiak duen «egoera zaila», eta adierazi zuen epe motzera begira PSE-EEk «erreforma sakon bat» egin beharko duela, «ideietan eta pertsonetan».
Lopezek onartu egin du emaitzak ez direla izan berak nahi bezain onak, eta nabarmendu du hori gertatu dela, bereziki, alderdiaren antolakuntza eta diskurtso politikoaren «zati batzuk» zaharkituta geratu direlako. Arazo hori PSE-EEri ez ezik PSOEri ere egotzi dio. «Gaur gure alderdi zaharra alderdi zaharkitu bat bihurtu da». Horren harira, Lopezek azpimarratu du, besteak beste, krisialdi ekonomikoari eta «abertzaleen erronkari» aurre egiteko sozialistek beren diskurtsoa eta beren jarduteko modua aldatu behar dutela.
Urak nahasita Araban
Atzoko batzarra lehen pauso bat da urtarrilean edo otsailean PSE-EEko kideek egingo dute batzar nagusira begira ——idazkari nagusia hautatuko dute bertan eta Lopezek jada iragarri du kargurako aurkeztuko dela—. Batzar horren ostean, gainera, hiru herrialdeetako zuzendaritzak hautatuko dituzte. Prozesu horri begira «batasuna» eskatu zuen Lopezek atzo, «pertsonalismoak» alde batera uzteko.
Arabako PSE-EEn, baina, giroa gaiztotuta dabil. Hauteskundeen aurretik piztu zen polemika eta hura areagotu egin da azken egunetan. Zenbait informazioaren arabera, «sektore kritikoaren» aurkako espediente bat ireki du Txarli Prieto idazkari nagusiak, nahiz eta berak eta PSE-EEren zuzendaritzak halakorik ukatu duten. Sektore horretan kokatuko lirateke, besteak beste, Oscar Rodriguez legebiltzarkide ohia eta Juan Carlos Alonso Gasteizko zinegotzia. Azken urteetan sozialisten aurpegi ezagunenetariko bat izan da Rodriguez, baina urriaren 21eko hauteskundeetarako zerrendetan azkeneko postuetan sartzea erabaki zuen Arabako zuzendaritzak. Bi sektore horien arteko ika-miken jatorria iazko hauteskundeetan alderdi sozialistak lortutako emaitza kaskarretan dago. Emaitza horien ondorioz, PSOEk Batzar Federalera deitu zuen eta Alfredo Perez Rubalcaba izendatu zuten berriz ere idazkari nagusi. Sektore kritikoko ordezkariek, baina, alderdia «berritzearen» alde egin zuten, Carme Chacon babestuz.
Lopezek dio «ideien eta pertsonen erreforma sakon bat» behar duela PSE-EEk
Buruzagi sozialistak esan du «abertzaleen erronkari» aurre egiteko estrategiaz hausnartu behar dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu