Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Lopezek dio «kontrabotere bat» direla foru aldundiak

EAEko Lurralde Historikoen Legea aldatzea galdegin du, «baliabideak xahutzea saihesteko»

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak EAEko Lurralde Historikoen Legea aldatzea proposatu du, erreforma horren bitartez administrazioen arteko bikoizketak saihestuko direlakoan eta Eusko Jaurlaritzak 400 milioi euro «aurreztuko» dituelakoan. Alderdi sozialistak hauteskunde kanpaina guztietan bere egiten du 1984tik indarrean den lege hori aldatzeko proposamena, hauteskundeak krisialdi ekonomiko batean egin zein ez. Eusko Jaurlaritzan egon diren lau urteetan, baina, sozialistek ez dute urratsik egin bide horretan. PSE-EEko lehendakarigaiak, halere, EAJri leporatu dio aurretik hori egin ez izana edo bere agintaldian egindako saioak —Udal Legea— babestu ez izana.

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak joan den astean eginiko adierazpen batzuetatik abiatuta, legea aldatzeko proposamena egin du berriz ere Lopezek. Urkulluk esan zuen Eusko Jaurlaritzak %10 murriztu beharko dituela 2013ko aurrekontuak, 1.000 milioi euro inguru. Lopezen ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko «egitura instituzionala berrantolatuz eta konpetentzien banaketekin zentzuz jokatuz», 400 milioi euro aurrez daitezke. Gainontzeko 600 milioi euroak, berriz, «zerga iruzurraren aurkako plan bat» martxan jarriz lor daitezkeela uste du.

Nolanahi ere, irakurketa politikoago bat ere egin du Lopezek. Haren ustez, bere agintaldian zehar Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak Eusko Jaurlaritzaren «oposizio eta kontrabotere» izan dira.

Lopezek kritikatu du egun indarrean den egitura instituzionala EAJk sortu zuela, «bere neurrira». «Ez dauka lurraldeen arteko gatazkak konpontzeko sistema bat antolatuta, lurraldeenarteko desadostasunak, tradizionalki, Sabin Etxeko bulegoetan [EAJren EBBren egoitzan] konpondu direlako eta ez administrazioaren organoetan». Orain, foru aldundiak kolore ezberdinekoak direla aintzat hartuta, sistema horrek bere gabeziak erakutsi dituela nabarmendu du.

Donostian eginiko ekitaldi batean egin ditu adierazpenok PSE-EEko lehendakarigaiak. Han izan dira, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan alderdi sozialistak dituen alkateak, zinegotzi eta batzarkide ugari, Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta Espainiako Kongresuko parlamentaria eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea.

Sozialisten arabera, EAEko instituzioen arteko konpetentzia banaketa arautzen duen lege horrek hainbat gastu eta zerbitzu bikoizten ditu udalen, diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren artean —lan arloan, etxebizitza politikan, garraioan edota gizarte zerbitzuetan, esaterako—. Egungo antolaketa instituzionala, beraz,«puztuta» dagoela dio eta «egokitzapen» bat behar duela, Eusko Jaurlaritzaren eta udalei lehentasuna emanez —Udalen Legearen tramitazioa bidean geratu da berriz ere azken legegintzaldian—. PSE-EEko lehendakarigaiaren irudiko, egituraketa horrek konpetentzien bikoizketa eta «baliabideen xahutzea» eragitez gain, «boterean den alderdiarekiko adiskidekeriak» sortzen ditu.

Hiru proposamen

Hori guztiari aurre egiteko, beraz, Lopezek «hiru proposamen zehatz» aurkeztu ditu. Jarduera bakoitzeko enpresa publiko bakarra aritzea, horretan interesa duten instituzioen parte hartzearekin.Zerga sistemari buruzko eztabaidaren eskumena Eusko Legebiltzarrak izan dezala, eta ez «bulego pribatuek». —diru bilketa foru aldundien esku uztearen alde azaldu da—. Halaber, Lurralde ezberdinen arteko zerga sistema harmonizatzearen alde egin du eta zerga iruzurraren aurkako plan bat galdegin du.

Azkenik, administrazioen eskumenak berrikusteko eskatu du. «Autogobernua berrikusi nahi badugu, has gaitezen etxe barrutik», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.