Lopezek EAJri egotzi dio Bilduren «gehiegikeriak» ez gelditzea

Bilduk Gipuzkoa geldiarazita daukala esan du Jaurlaritzako lehendakariak, eta ikuspegi «arkaikoa» izatea egotzi dio koalizioariPSE-EEk ekitaldi bat egin du, Jaurlaritzako hiru urteen balantzea egiteko

Patxi Lopez, atzo, ekitaldia hasi aurretik, alderdiko kideekin hizketan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gobernuaren hiru urteen balantzea egiteko agerraldian, gainerako alderdiei begira jarri da Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria. Gipuzkoako Diputazioaren kontra gogor egin du, hain justu ere, bere alderdiak Bildurekin zerga erreformaren inguruko akordioa egin duen aste berean. Gipuzkoa geldiaraztea egotzi dio Martin Garitanoren gobernuari, eta EAJri bota dio errua, egotzita ez dituela neurriak hartu Bilduren «gehiegikeriak» geldiarazteko.

Bilduri «botere politikoa» EAJk eman ziola esan du Lopezek, eta, beraz, gertatzen ari denaren erantzule dela, «Bilduren neurri berean». Donostian egin zuen ekitaldia, hauteskunde kanpainaren kutsu nabarmenez. «Proiektu handiak arriskuan daude». Esan zuen Bilduk geldiarazita daukala Gipuzkoa, eta «ezetzaren frontean» egotea aurpegiratu zion koalizioari: «Ikuspegi arkaikoa dute». Ez direla gobernatzen ari ere esan zuen: «Hondakinaren trintxeran sartuta daude».

Jeltzaleek legebiltzarrean duten jarrera ere salatu zuen Lopezek, eta PSEren «desgastea» bultzatzen aritu dela. Gaineratu zuen «boterera ahalik eta azkarrena iristea» lortu nahi dutela horrekin: «Hori interesatzen zaie, eta ez herritarrak».

Baina Lopez harro dago egiten ari direnarekin, eta halaxe sentitzeko eskatu zien ekitaldian izan ziren gobernuko kideei ere. «Historia hurbilean sozialistak gobernuan egotea beharrezkoa izan bada, garai honetan da». Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia eta Espainiako Kongresuko diputatua izan ziren ekitaldian, besteak beste.

Espainiako Gobernuaren murrizketa politikekin ere kritiko agertu zen Lopez: «Ezin dugu onartu konkistatzea hainbeste kostatu zaizkigun eskubideak». Hala, berretsi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dutela aplikatuko Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen murrizketarik. «Murrizketek ez diote erantzuten krisirako plan bati», esan zuen; «Espainiak behar duenaren kontrako bidean doaz». Egin behar dena lana sortzea dela uste du Lopezek, baina nabarmendu du «ongizate estatua indargabetzeko plan ideologiko bat» dela Mariano Raxoiren gobernua aurrera eramaten ari dena. «Horregatik, argi eta garbi esaten dugu osasun zerbitzuak ez ditugula murriztuko: ordainketa partekatua ez dugu indarrean jarriko; hemengo herritarrek ez dute gehiago ordainduko botikengatik; bekak handitu egingo ditugu; eta ikerketa, garapen eta berrikuntzan inbertituko dugu, 2015ean barne produktu gordinaren %3ra iritsi arte. Sindikatu eta enpresaburuekin adostutako politikak martxan jarriko ditugu, ekonomikoki hazteko eta lana sortzeko».

Lopezek hitz eman zuen PSE-EEk herritarren «arazo errealei konponbide errealak» emango dizkiela. Eztabaida ekonomikoa bakarrik egitea egotzi zion PPri; izan ere, haren ustez, «urteetan aurre egin behar izan diogun eztabaida politiko eta sozialik handiena» egin da: «Demokrazia, berdintasuna eta eskubideak daude jokoan». Ideologia ultrakontserbadorea «inposatu» nahi dela salatu zuen, eta horren aurrean beraiek ezin direla gelditu ezer egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.