Lopezek ez du antolatuko ETAren amaiera ospatzeko bilkurarik

EAJk ez duela parte hartuko jakinarazi dio Jaurlaritzako lehendakariari, Bilduren ezezkoaren ostean. Lopezek bilera sailarekin jarraitzen du, eta bihar ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako kideak hartuko ditu.

2011ko urriaren 27a
20:20
Entzun

ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaiera ospatzeko asmoz Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak udaletxeen aurrean etzi biltzeko eskatu zien herritarrei, baina ez du gainontzeko alderdi politikoen adostasunik lortu eta, ondorioz, datorren larunbaterako luzatutako deialdia alboratu egin du.

EAJk ezezkoa eman dio lehendakariari, Bilduk ekitaldi horietan parte hartuko ez duela jakin ostean. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren esanetan, elkarretaratzeen helburua zintzoa zen, inolako lelorik eta inoren mintzaldirik gabea; "euskal gizartea zuen protagonista bakarra". Horren arira, Aresek esan du EAJ Bilduk edo Amaiurrek zer egingo begira dagoela, eta gogoratu Iñigo Urkullu EAJko EBBko burua proposamenarekin ados agertu zela Lopezekin egindako bileran.

Mikel Arana EBko eusko legebiltzarkideak festa ekimen bat antolatzeko eskatu dio lehendakariari. 

Urkulluk gaur adierazi du ez dela egokia bilkurak deuseztearen erantzunkizuna EAJri egoztea eta euskal herritarrek ETAren amaieraren aurrean duten poztasuna adierazteko ekimenetan parte hartzeko prest daudela. 

Bilera sailarekin segitzen du

Astelehenean ekin zion Lopezek bilera sailari, atzo ere egin zituen batzar batzuk (PP, PSE eta Aralarrekin), eta gaur Ezker Batua, Confebask eta EAEko UGT eta CCOO hartu ditu. Arratsaldean UPDrekin elkartu da.

Aranak EBko legebiltzarkideak esan dio garrantzizkoa dela euskal presoak "berehala" gerturatzea, eta alderdien arteko mahai bat eratzeko galdegin dio.

Confebasken ustez, "garai berriak euskal enpresarioei lagundu egingo die".

UGTren arabera, "ona da ETA demokrazian sartzea". Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak "gaurko akordioa zabaltzeko" eskatu du, eta alderdi ororen parte hartzea aldarrikatu du eta presoen arloan pausoak ematea.

Arratsaldean Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohiekin elkartu du, banaka, eta orain Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiarekin da.

Bihar ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako kideak hartuko ditu, denak batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.