Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Lopezek ez du bere burua ikusten PSE-EE eta EAJren gobernu batean

Jaurlaritzako lehendakariak dio zerga sisteman edo erakundeetan erreformak eginda murrizketak saihestu daitezkeelaJaurlaritzaren kontuak kanpoko ikuskaritza batek aztertzea nahi du Iñigo Urkulluk

Erredakzioa
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek ez du baztertzen PSE-EEk urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako bozak irabazteko aukera eta sozialistek eurek bakarrik osatzea hurrengo Jaurlaritza; ezta, behar izanez gero, EAJrekin koalizioan gobernatzea ere. Baztertu egin du, ordea, balizko EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu koalizio batean berak parte hartzea.

«Ez; ez dut neure burua ikusten EAJrekin koalizioan osatutako gobernu batean», esan du PSE-EEko idazkari nagusi eta sozialisten lehendakarigaiak. Atzo egin zituen adierazpen horiek, Radio Euskadi irratian egin zioten elkarrizketa batean.

Hurrengo Jaurlaritzako lehendakari ez baldin bada PSOEren aginte karguetan gehiago aritu eta Madrilera joango den galdetuta, Lopezek ziurtatu du ez duela Espainiako hiriburura joateko asmorik: «Patxi Lopez Euskadin dago; politika egiten du Euskadin, eta horrela izango da aurrerantzean ere».

Inkestek sozialistei hirugarren lekua iragarri dietela-eta, lehendakarigai sozialistak gogorarazi du iragarpenak ez direla bete, eta inkesta horiek iraul daitezkeela azpimarratu du: «Herritarrek ez diete kasurik egingo inkesten aurreikuspenei; aitzitik, bakoitzak egin duena eta proposatzen duena hartuko dute kontuan».

«Aieteko antzezpena»

Urriko bozak «indarkeria eta terrorismorik gabeko» aurrenak izango direla eta «denek baldintza beretan» parte hartuko dutela azpimarratu ostean —«aurreko bozetan bizitza arriskuan jarri dugunoz, mehatxuak jaso ditugunoz eta terrorismoa sufritu dugunoz ari naiz», zehaztu zuen— , Lopez haserre agertu da inork ETAren jarduera armatua Aieteko Konferentziak lortu zuela pentsa dezakeela eta. «Aieteko argazki zati baten antzezpenak ez du ordezkatzen berrogei urtez euskal gizarteak terrorismoari aurre egiteko agertu duen erresistentzia. Ez du ordezkatzen ETAri aurre egiteko egin behar izan dugun guztia. Haserretu egiten nau inork konferentzia antzeztu batek hori dena ordezka dezakeela pentsatzeak».

Diru kontuak

Krisitik irteteko, berriz, Lopezek ez du ikusten murrizketa gehiago egin beharrik. Aitzitik, uste du ez dela murrizketarik egin beharko erreformak egiten badira zerga sisteman eta erakundeen antolaketan —zerbitzuen bikoizketak saihestuz—.Jaurlaritzaren diru kontuak ere «oso ongi» utzi dituztela iritzi dio lehendakariak: «Kaudimen goreneko ondarea utziko dudu», azpimarratu du Lopezek, Eusko Jaurlaritzaren zorpetzeak hurrengo gobernuari utz liezazkiokeen ondorioez erantzunez. «Kaudimen handiena duen erkidegoa gara estatuan, ez dugu faktura bakar bat ere gordea, eta zorpetzea neurrikoa da, beste krisi batzuetan baino txikiagoa», gaineratu du.

Kanpoko ikuskaritza

Lopezen hitzek, ordea, ez diote balio EAJren EBBko lehendakari eta jeltzaleen lehendakarigai Iñigo Urkulluri.

Azken asteetan egin bezala, Urkulluk auzitan jarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ekonomikoa, eta kanpoko ikuskaritza independente bat eskatu du, «erkidegoko gobernuaren barne organoen zintzotasuna egiaztatzeko».

Onda Vasca irratian egin zioten elkarrizketan, hautagai jeltzaleak esan zuen Carlos Agirre Ekonomia sailburuak joan den astean emandako datu ekonomikoei buruzko azalpenen ondotik «beharrezkoagoa» dela «kontuak argi jartzea».

Agirrek emandako datuetatik, Urkulluk ondorioztatu du Lopezen gobernuak hiru urte eta erdian hamar aldiz biderkatu duela aurreko jaurlaritzak utzitako zorra. «Zorpetzea zilegi da krisi garaian, baina ez gastu korronteak ordaintzeko, inbertsioak egiteko baizik. Eta Jaurlaritza honek %11 murriztu ditu inbertsioak», salatu zuen EAJren lehendakarigaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.