PSE-PP akordioaren haustura

Lopezek ez du legealdia bukatutzat jo, baina ez du argitu beteko duen

Lehendakariak PPri leporatu dio akordioa hautsi izana, eta esan du gizarteak ez duela behar bozen aurrerapenaz hitz egiteaNahi izanez gero zentsura mozioa aurkez dezala erantzun dio Lopezek EAJri

Ikusmin handia piztu zuen Patxi Lopez lehendakariak atzo Lehendakaritzan egindako agerraldiak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
EAEko hauteskundeak aurreratzeko asmorik ez du, gaur-gaurkoz, Patxi Lopez lehendakariak.Orain «Euskadik» ez du halako erabakirik behar, haren ustez: «Euskadik ez du hauteskundeen inguruko eztabaidarik behar. Euskadik bere interesen aldeko politiken defentsa behar du». PPk gobernu ituna hautsitzat eman eta bozak aurreratzeko egindako eskaerari modu horretan erantzun dio lehendakariak. Hortaz, Lopezek legealdia ez du amaitutzat jo, baina ez du argitu osorik beteko duen.

Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak lagunduta egin zuen atzoko agerraldia lehendakariak, Lehendakaritzako egoitzan. Eusko Jaurlaritzaren hiru urteko balantzea egiteko prentsaurrekoa izan behar zuena PSE-EEren eta PPren artekoelkarlanarenhausturaz hitz egiteko agerraldia bilakatu zen. Ikusmin handia piztu zuen prentsaurrekoak, eta kazetariek lepo bete zuten Lehendakaritzako areto nagusia.

Oinarrizko akordioaren hausturaren erantzukizun guztia PPri leporatu dio lehendakariak: «Zoritxarrez, PPk alde batera utzi ditu gurekin adostutako helburuak, Raxoiren murrizketei babesa emateko. Nahiago izan du bere alderdiko politika Madrilen defenditu, hemen Euskadiko herritarren interesen eta guztion autogobernuaren alde egin beharrean».EAEko PPk Madrilgo interesen alde egitea deitoratu du Lopezek, kontuan izanik Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasunean eta hezkuntzan murrizketak egiten dituela eta erkidegoaren eskumenak «urratzen» dituela: «Akordioan ez zen jasotzen autogobernuari erasotzen ziotenean beste aldera begiratu behar genuenik, ezta zerbitzu publikoak murrizten zirenean ezer gabe geratu behar genuenik ere», adierazi du.

Lehendakariaren arabera,Eusko Jaurlaritzak bete egin ditu PPrekin sinatutako akordioaren hiru puntuak, hots, ETAren kontra aritzea, autogobernuaren alde egitea eta euskal ekonomia bultzatzea, eta azpimarratu du hemendik aurrera ere eutsi egingo diela «euskal gizartearekin hartutako konpromiso»horiei.«Gaurinoiz baino beharrezkoago jotzen ditut hor jarritako helburuak». Hala,gobernuaren proiektuakaurrera ateratzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du.

Ez du argitu, ordea, egitasmoak aurrera eramateko legealdi osoa beharko duen. Kazetariek behin eta berriz galdetu diote legegintzaldia osorik betetzeko asmoa ote duen, baina lehendakariak ez du erantzun nahi izan: «Nire asmoa da legealdiaren hasieran ezarritako helburuak lortzeko lanean jarraitzea», esan du. Horretarako zenbat hilabete behar dituen galdetu diotenean, iheskor mintzatu da berriro: «Denbora behar da».

Bozak aurreratzeko aukerazgaldetuta ere, modu berean erantzun du: «Ez naiz sartuko joko alderdikoi horietan, euskal gizartearentzat okerra delako. Zer behar du euskal gizarteak? Hauteskundeetara noiz deituko den jakitea ala bere printzipioen alde egitea?». Hori bai, hauteskundeetara deitzeko eginkizuna lehendakariarena baino ez dela gogoratu du, eta halako erabaki bat herriaren interesen arabera baino ez duela hartuko argitu du: «Inork ez nau itzalpetik behartuko hauteskundeak aurreratzera».

PPren babesa galduta, gutxiengoan gobernatu beharko du PSEk hemendik aurrera, Legebiltzarrean 25 eserleku baino ez dituelako.Zail izango du, beraz, edozein egitasmo onartzea; tartean, aurrekontuak. Hori dela eta, lehendakariak akordiorako eskua luzatu die legebiltzarreko talde guztiei, eta «tresnak» bilatuko ditu egitasmoak aurrera eramateko.Gutxiengoan agintzeak, ordea, ez duela kezkatzen gaineratu du: «Ez da lehen aldia izango Jaurlaritza gutxiengoan dagoela eta politikak aurrera ateratzeko gai dela». Eta ziur agertu da egitasmoak onartzeko babes nahikoa lortuko duela, Jaurlaritzaren egitasmoak «herri proiektuak» direlako.

Herenegun Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak konfiantza galdea egiteko eskatu zion lehendakariari, baina honek ez du uste Eusko Legebiltzarreko konfiantza galdua duenik. Hala ere, nahi izanez gero zentsura mozioa aurkezteko esan dio EAJri: «Gobernu alternatiba bat eta lehendakarigai bat aurkez ditzala. Haren esku dago hori egitea».

Kazetarien galderei erantzunez lehendakariak aitortu egin du ez zaiola gustatu Basagoitik ituna hausteko erabakia komunikabideen bitartez jakinarazi izana. «Formak» ez zaizkiola egoki iruditu esan du, eta argitu du ez dela PPko buruarekin batzartuko bozen aurrerapenari buruz hitz egiteko bada.

«Amaiera ordenatua»

PPk akordioa hautsiko zuenik ez zuen espero lehendakariak, eztaJose Antonio Pastor PSEko eledunak ere. Pastorrek esan du «harrituta» daudela, eta esateko modua ez zela «oso dotorea» izan iritzi dio. Hala ere, PSEko bozeramaileak uste du PP aitzakia bat bilatzen saiatu dela «aurreratutako haustura bat» eragiteko, eta «oso zaila» izango duela jarrera zergatik aldatu duen koherentziaz azaltzea.

EAEko PPko presidenteak, ordea, bereari eutsi dio, eta bozak aurreratzea galdegin du, berriro ere. Komunikabideak erabili ditu atzera horretarako. Basagoitikberretsi du gobernu ituna «erabat bukatu» zela Lopez Espainiako Gobernuari «etengabeko kritika» egiten hasi zitzaionean. Hala, bozak aurreratzea ezinbestekotzat jo du PPkoak, uste duelako herriarentzat ez litzatekeela «onuragarria» izango sozialistak legealdiaren amaiera arte «besaulkiari helduta» geratzea. Nolanahi ere, prest agertu da PSErekin legealdiaren amaiera «ordenatu» bat hitzartzeko eta bozetara deitu bitartean egutegi berria adosteko proiektu garrantzitsuenak aurrera ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.