«Nahiz eta krisi garaian diru gutxiago gastatzera behartuta gauden, Eusko Jaurlaritzak ez dio uko egingo guztientzako kalitatezko hezkuntza publiko bati». Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitzeman du hezkuntzan ez duela murrizketarik egingo. Lehendakaria Espainiako Gobernuak agindutako neurriak ezartzearen aurka azaldu zen atzo, hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek eta Bizkaiko eskolek antolatutako ekitaldi batean. Lopezek uste du hezkuntzako inbertsioei eutsi egin behar zaiela.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak hurrengo asterako prest izango du Espainiako Gobernuak hezkuntzan egin nahi dituen murrizketen aurkako helegitea. Zelaak adierazi du gobernuak oraindik gauza asko dituela azaltzeko; Hezkuntza sailburuak uste du Espainiako Gobernuakaurkeztu duen lege dekretuan ez dagoela argimurrizketak nola egin behar diren. Unibertsitateetan hartu nahi dituzten neurriak nabarmendu ditu Zelaak, batez ere: «Hieroglifoak dira. Inork ez daki nola aplikatu beharko diren». Zelaak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du erabaki murrizketen aurka helegite bat aurkeztu edo bi bereizita aurkeztu, osasun arlokoa eta hezkuntza arlokoa.
LABek, berriz,Zelaaren diskurtsoa «hipokrita» dela salatu du ohar batean: «Hitzez, Espainiako Gobernuak ezarri dituen neurrien aurka agertu da. Ahaztu egiten zaio, nonbait, bere sailetik sustatutako erabaki antisozial sorta». Sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila hurrengo lau urteetarako kontzertuak negoziatzen hasita dago; Jaurlaritzak mahai gainean jarri dituen irizpideak ikusita, LABek ondorioztatu du ikastetxeetako gelak ikaslez gainezka izango direla eta lanpostu asko desagertuko direla: «Madrili kritikatzen dion hori bera egin nahi du Zelaa andereak ikastetxeetan».
Bekak, garestiago
Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak iragarri du unibertsitateko bekak lortzeko irizpideak aldatzeko asmoa dutela. Beka bat eskuratzeko gutxieneko nota 5,5era edo seira igo nahi dute. Egun, beka bat jasotzeko gutxieneko nota bostekoa da lehen urtean, eta hurrengo urteetan laguntza horri eusteko, ikasgaien %60 edo %80 gainditu behar dituzte ikasleek, ikasgaiaren zailtasunaren arabera.
Aldaketak hurrengo asteetan egin nahi ditu Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Erabakiaren berri atzo eman zien ministroak unibertsitateetako errektoreei. Gobernuak unibertsitateko tasak garestitu nahi dituela eta, errektoreek Werti beken sistema «irekiago» bat egiteko eskatu zien. Beketarako baldintzak gogortu egingo ditu gobernuak, ordea.
Lopezek hitzeman du hezkuntzaren alorrean ez duela egingo murrizketarik
Jaurlaritzak hurrengo asterako prest izango du murrizketen aurkako helegitea; Zelaaren jarrera salatu du LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu