Politika

Lopezek lehendakaritzan egin dituen lehen 100 egunen balorazio baikorra egin du

PSE-EEk PPrekin duen akordioak ''legealdi osoa iraungo" duela nabarmendu du.

2009ko abuztuaren 14a
16:54
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin du, agintean dagoen ehun egunen balorazioa egiteko eta baikor agertu da. Bere ustez, gobernu berriak "aldaketa ekarri du"Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabara eta "elkar ulertze aro bat" zabaldu du.



Agerraldian, Lopezek Eusko Jaurlaritzaren sendotasuna azpimarratu du, PSE-EEk PPrekin duen akordioak lau urtetarako egin zela eta "legealdi osoa iraungo" duela nabarmenduz.

Eusko Jaurlaritzak hiru hilabete hauetan izan dituen hiru lehentasunak ere berretsi ditu: ETAren aurkako borroka, krisiari aurre egitea eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabarako ongizate maila altua lortzea. Helburu hauek erdiesteko konpromisoa eskatu die lehendakariak erakunde guztiei.

Twitter bidezko elkarrizketa

Komunikabideen aurrean agerraldia egin eta gero, Twitter bidez herritarren galderak erantzun ditu lehendakariak. Gai ezberdinetako galderak egin dizkiote sare sozialaren erabiltzaileek, euskararen ingurukoak, PPrekin duen akordioari buruzkoak, transferentziekin zerikusia dutenak…Zenbait galdera euskaraz idatziak zeuden baina Lopezek guztiak gaztelaniaz erantzun ditu. Denborik ez duela argudiatuta galdera asko erantzun gabe utzi ditu lehendakariak.

Beste alderdien iritziak

Eusko Legebiltzarrean dauden gainerako alderdiek ere hitz egin dute Patxi Lopezek agintean daraman lehen 100 egunei buruz. Alderdi abertzaleek eta EBk Lopezen jarduna kritikatu dute. Aralarren ustez, "krisiaren aurrean oporretara joaten den gobernuari" ezin zaio "aprobaturik eman". Joseba Egibar EAJko Euskadi Buru Batzarreko kidearen iritziz, berriz, Patxi Lopezen gobernuak "ez dauka programarik eta noraezean doa". Serafin LLamas EBko kideak eta Pello Urizar EAko Idazkari NagusiakPPrekin egindako akordioak eskuineko politika egitera eraman duela PSE-EE salatu dute.

Lehendakaria hobeto baloratu dute PPk eta UPyDk. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, PSE-EEk egindako "keinuak bide onean" doazela esan du eta Gorka Madeiro UPyDko kideak Eusko Jaurlaritzaren gestioarekin "pozik" daudela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.