Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Deialdiaren iragarpena

Lopezek urriaren 21era aurreratu ditu hauteskundeak

Bozak aurreratuta, herritarrek krisialditik ateratzeko «egokiena den eredua» aukera dezaten nahi du lehendakariakPatxi Lopezek esan du aintzat hartu dituela euskal gizartearen «interesak»

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak urriaren 21era aurreratu ditu Patxi Lopezek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Legealdia bete baino bost hilabete lehenagorako jarri du eguna, beraz. Oposizio guztia aspaldi ari zen eskatzen hauteskundeak aurreratzeko, baina legealdia amaitzeko asmoari eutsi dio lehendakariak azken hilabeteotan. Azkenean, baina, «erantzukizunagatik» hartu du bozak urrian egiteko erabakia. «Ondo aztertutako» erabakia dela esan du lehendakariak iragarpenaren berri eman duenean. «Euskal gizartearen interesen arabera hartutako erabakia da», azaldu du.Krisialdi ekonomikoak gogor jotzen duen unean «Euskadi solidarioa, iraunkorra eta lehiakorra lortzeko akordioak ezinbestekoak direlako» aurreratuko ditu Lopezek hauteskundeak. Haren ustetan, nekez lortuko dira adostasun horiek alderdiak hauteskunde aurreko giroan murgilduta baldin badaude.

Urte politiko berriari hasiera emateko, ezohiko gobernu kontseilua deituta zeukan atzo Jaurlaritzak Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. Hasiera batean, finantza egoera eta botiken berrordaintzeari nola aurre eginaztertzeko batzarra zela iragarrita zeukan Jaurlaritzak, baina goizean bertan hainbat hedabidek zabaldu zuten lehendakariak hauteskundeak aurreratzekoerabakia hartuta zeukala. Bozetara noiz deituko zuen ere zabaldu zuten. Gobernu bileraren osteko agerraldian eman zuen lehendakariak ordurako jakina zen berria.

Lopezen agintaldia azken txanpan sartuta zegoen maiatzetik; PPk PSE-EEkin zuen ituna haustea erabaki zuenetik, hain justu. Orduz geroztik, Jaurlaritza ataka zailean zegoen: batetik, bere alderdiaren babesa baino ez zuelako bermatuta legebiltzarrean lege proiektuak aurrera ateratzeko, eta, bestetik, egoera ekonomiko zailak itota zegoelako.

Hauteskundeak aurreratzeko emandako argudioen artean, baina, arrazoi ekonomikorik ez zuen aipatu lehendakariak atzoko agerraldian. Haren esanetan, foru aldundien zerga bilketaren jaitsierak eta aurrekontuak aurrera ateratzeko babes faltak ez du eraginik izan erabakia hartzeko orduan. Areago, lehendakariak azpimarratu zuen likidezia eta zorra ordaintzeko ahalmena baduela Jaurlaritzak, eta kontrakoa esaten duenak gizartean «alarma» piztu eta euskal ekonomiari «kalte»baino ez diotelaegiten. EAJri eta PPri bidali zien mezu hori,eta erakundeetatik Jaurlaritzaren jarduera «zapuztu» nahi izatea leporatu zien.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak krisialdi ekonomikoari aurre egiteko baliabide eta babes nahikorik ez izateak izan du pisurik bozak aurreratzeko erabakian. Lopezek berak aitortu duenez, «erreforma sakonak» egiteko garaia iritsi da, eta krisiari aurre egiteko eta gizarte babesari eusteko bideak aukeratu beharko dituzte herritarrek hautestontzietan. Areago, haren hitzetan, hauteskundeak bost hilabete aurreratuta, aukera egongo da Jaurlaritza berriak, herritarren babesa izanik, «adostasun handiarekin» onar ditzan krisiari aurre egiteko moduko aurrekontu batzuk.

Izan ere, euskal gizartearekin «kontratu berria» egiteko tenorea heldu dela uste du lehendakariak, egoera ekonomiko latzak hala eskatzen duelako. Espainiako Gobernuak krisiaren inguruan erakusten duen «ekimen faltari» eta Europatik datozen neurri desegokiei aurre egiteko «indarrak batzea» eta «elkarrekin lan egitea» ezinbestekotzat jo du, eta adierazi du herritarrei dagokiela hautatzea garai berriak kudeatzeko «egokitzat jotzen duten eredua». Alderdi bakoitzak mahai gainean jarri dituen gizarte ereduen artean hautatzera animatu ditu lehendakariak herritarrak. «Datozen lau urteotan Euskadik gidatuko duen proiektu politikoa erabaki behar dute herritarrek».

Konpromisoak, beteta

«Herritarrengan pentsatuta» hartu du lehendakariak bozak aurreratzeko erabakia. Esan duenez, garai «zailetan» gobernatu behar izan du, baina agintaldiaren hasieran gizartearekin hartutako konpromiso guztiak bete egin ditu. «Indarkeriaren mehatxuarekin hasi ginen, eta krisi gogor bat izan dugu». Lehendakariak azaldu du bere helburua horiei aurre egitea izan dela, eta lortu ere egin duela: «Emaitzak bistan daude: terrorismoa amaitzea izan da lorpenik handiena, eta gaur harro esan dezaket terrorismoa garaitu dugula». Horregatik bada ere, «merezi izan du PSE-EEk Euskadin gobernatu izana», haren aburuz.

Sozialistak Jaurlaritzara iritsi ziren lehen egunetik krisiari aurre egiteko eta zerbitzu publikoen etorkizuna bermatzeko neurriak hartu dituztela azpimarratu du, halaber. Madrildik etorritako murrizketen aurrean autogobernuaren alde egin dutela eta «etengabeko liskarra» atzean uztea lortu dutela esan du Lopezek. «Denentzat gobernatu dugu», gaineratu du.

Hauteskunde eguna aurreratu badu ere, datorren urte politikoa martxan utzi dutela adierazi du lehendakariak: «Hauteskunde deialdiagatik gobernua ez da geldituko, ezta Euskadi ere». Esan duenez, krisialdiari aurre egiteko «neurri garrantzitsuenak» jadanik abian jarri ditu Jaurlaritzak: «Batetik, ekonomia dinamizatzeko, enpresak laguntzeko eta langabeziari aurre egiteko programak martxan ditu gobernuak, eta, bestetik, botiken berrordaintzeari aurre egiteko dekretua landuta daukagu». Lehentasuna dute bi gai horiek Jaurlaritzarentzat, eta hauteskunde deialdietatik at egon behar dute, Lopezek azpimarratu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.