Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, ezker abertzaleak "aurki" egingo du "indarkeriarekin hausteko azken urratsa". "Hala ere, ez dut epeez mintzatu nahi; aurten ez dut uste, baina uste dut luze gabe egingo dutela behin betiko urratsa".
Lehendakariak gaur Catalunya Radion esan duenez, ezker abertzaleak "adierazpen askotxo" egiten ditu -azkena, lehengo larunbatean, Iruñean-, "hitz on asko erabiltzen ditu, baina gero frustrazioa ekarri dute". Ondorioz, Lopezen arabera, "euskal gizarteak nahi duena ekintzak dira eta ez hainbeste ele. Haientzat hitz horiek aurrerapenak izango dira, baina guk ETArekin apurtzeko eskatzen diogu". Hori egin ezean, ez omen da Batasunarekin elkarrizketarik izango.
Ezker abertzaleak, Iruñean egindako adierazpenean, ETAri eta Espainiako Gobernuari Bruselako Adierazpenari "erantzun eraikitzailea" emateko eskatu zien. Hain zuzen, nazioarteko hogei lagun ezagunek ETAri su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko eskatua diote, eta Espainiako Gobernuari behar bezala erantzuteko.
Lopezek iritzi dio Bruselako Adierazpen horrek ETAn "oraingoz" eraginik ez duela izan, eta Euskal Herrian Irlanda iparraldeko eredurik ez dagoela. "Irlanda iparraldean politikak indarkeriaren mundua politikara eraman zuen, eta hemen indarkeriak bere mundura ekartzen du politikakoa".
politika
Lopezek uste du ezker abertzaleak "aurki" egingo duela "indarkeriarekin hausteko azken urratsa"
Jaurlaritzako lehendakariak dio ezker abertzaleak "hitz on asko" erabiltzen dituela, "baina gero frustrazioa ekarri dute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu