Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berretsi du langabezia saria agortu duten langabeek ez dutela sendagairik ordainduko. Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak aplikatzeari uko egin dio horrela.
Legebiltzarreko saioan Lopezek adierazi du murrizketak aplikatzea baino garrantzitsuagoa dela botere publikoek garapen ekonomikoa sustatzea. PPk aurrekontuetan egingo dituen "doikuntzak" zeintzuk izango diren ez argitzea leporatu dio lehendakariari. Lopezen esanetan, baina, Jaurlaritzak ez du hartuko aurreikusi gabeko "inolako neurri berezirik".
"Kalkulu zehatz eta zuhurrak egin genituen bere garaian, eta, haatik, ez dugu murrizketa edo neurri zorrotzik aplikatu beharko defizit muga betetzeko", azaldu du Lopezek. Era berean, gogoratu du Euskadi izan dela urteko lehen hiruhilekoan %0,2ko superabita izan duen erkidego bakarra. "Eta fakturarik ezkutatu gabe lortu dugu hori", gaineratu du lehendakariak.
Legegintzaldia amaitu bitartean helburua "Euskadi ez gelditzea" izango dela esan du Lopezek, "eta ez hauteskundeei begirako kalkuluak egitea". Joseba Egibar EAJko kideak, baina, Euskadi jada geldituta dagoela erantzun dio, "gauza bat gobernuan egotea delako eta beste bat gobernatzea".