Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Lopezen «hiru urte beltzen» ondoren, norabide aldaketa eskaini du Urkulluk

«Euskadik akordio konstituziogile handi bat behar du», adierazi du EAJren lehendakarigaiak

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Urtero legez, Zarautzen hasi duurte politiko berria EAJk, eta Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzaleak urriaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garrantzia nabarmendu du. Urkulluren arabera, PSE-EEren agintaldiko «hiru urte beltzen» ondoren, «norabide aldaketa bat» behar du Eusko Jaurlaritzak, eta adierazi du hori gida dezakeen «bakarra» EAJ dela. «Euskadi berpiztea da gure helburua», esan du, eta «akordio konstituziogile handi baten» beharra azpimarratu. «Euskal trantsizio bat behar dugu. Akordio konstituziogile baten garaia da. Euskadirentzako estatus politiko berri baten garaia da».

Leporaino bete zen Zarauzko Antoniano kiroldegiko aretoa, atzo. Joseba Egibar GBBko presidenteak bere hitzaldiaren hasieran nabarmendu zuenez, «zerbaiten adierazle». Han izan ziren, besteak beste, EBBko kide Joseba Aurrekoetxea, Jose Ramon Beloki Espainiako Kongresuko diputatu ohia eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia. Agertokian, Euskadi piztu leloa eta zazpi ikurrina jarri zituzten.

Urkulluren hitzaldi osoan ugariak izan ziren Patxi Lopezen gobernuaren aurkako kritikak. Sozialisten kontra mintzatu zen gehienbat; ezker abertzalearentzako aipamenik ez zuen izan ia. «Beraien obsesioa nola edo boterera iristea zen, eta EAJ kanporatzea. Hori zen PSE-EE eta PPren programa bakarra», esan zuen Urkuluk.

Krisialdiari irtenbidea emateko jeltzaleen proposamenen gainean sozialistek egindako kritikak, berriz, «gezur hutsa» direla salatu zuen. «Haiek dira herri honentzat eredurik ez dutenak, eta hori estali nahi dute gezurren bitartez. Guk badugu gure eredua, EAJ-Euskadi eredua, 30 urtez aurrera atera duguna». EAJren lehentasunak ekonomia suspertzea eta babes sozialari eustea izango direla esan zuen Urkulluk.

Egibarrek ere sozialisten aurkako kritikekin abiatu zuen bere hitzaldia. Sutsu, alderdiko kideen txaloen artean. «Haien estrategia da espainiarren antzerakoak bihurtzea gu», nabarmendu zuen. Bildurentzako hitzak ere izan zituen, eta, bereziki, ezker abertzaleari leporatu zion ez errespetatzea gobernatzen dituen instituzioak eta horiek erabiltzea bere mesederako.

Konponbide prozesua ere aipatu zuen Egibarrek; «elkarbizitza antolatu» baten beharraz mintzatu zen, eta iraganean egindako «hutsak» onartzearen beharraz. «Etorkizunari begira balioetan oinarritutako elkarbizitza antolatuta EAJk bakarrik egin dezake», adierazi zuen. Horren harira, Egibarrek esan zuen etorkizuna errespetuan oinarrituta eraiki behar dela, «eta ez ahanzturan oinarrituta». «Norbaitek bere gain hartu beharko du sufrimenduzko hiru hamarkada hauen ardura», nabarmendu zuen, eta hori onartzeko eskatu zien ETAri eta ezker abertzaleari.

Urkulluk ere, ezker abertzaleri buruz eginiko aipamen bakarrean gai bera erabili zuen. «Burbuila batean bizi izan dira 35 urtez, eta hortik atera behar dira eta egindako mina onartu behar dute».

Basagoitiren «susmoak»

Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak bere blogean idatzitako artikulu batean esan du EAJk «nola edo hala» berreskuratu nahi duela Jaurlaritza, eta hori lortzeko PSE-EE eta EH Bilduren «babesa onartzeko prest» dagoela. Basagoitik uste du «hirukoa» osatuko dutela, PP baztertzeko. Basagoitiren arabera, jeltzaleen hitza ez da fidagarria EH Bildurekin akordiorik ez dutela egingo esaten dutenean, eta gogoratu du, besteak beste, Ibarretxe lehendakari izatera iritsi zela EHren «babesari» esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.