Greenpeacek kezka azaldu du Eusko Jaurlaritzak daraman ingurumen politikarekin, baita ingurumen arazo batzuk ez dituelako konpondu ere. Ildo horretan, otsail amaieran erakunde ekologistak bilera egiteko eskatu zion Patxi Lopez lehendakariari, gutun baten bidez. Oraindik ez dio eman bilera horretarako hitzordurik, erakunde ekologistak berak jakitera eman duenez.
Greenpeaceren arabera, hiru ildo nagusitan egin beharko lituzke aurrerapausoak Lopezen gobernuak: hondakinen kudeaketan errauste planten aurka jarriz, Pasaiako zentral termikoaren ingurumen baimena baliogabetuz, eta ingurumen eragin larria duten Pasaiako kanpoko portua eta antzeko azpiegiturak baztertuz.
Greenpeaceren irudiko, hondakinak erraustea har daitekeen irtenbiderik txarrena da: «Osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria da, kudeaketa modu garestiena da, natur baliabideak deuseztatu egiten ditu, eta lanpostu gutxien sortzen duen alternatiba da».
Greenpeaceren ustez, Zabalgarbik eta Zubietako errauste plantak ez dute Bizkai eta Gipuzkoako hiri hondakinen arazoa konponduko, eta hamarkadetan baldintzatuko dute hondakinen alorrean egin daitezkeen bestelako kudeaketa modu iraunkorrak. Izan ere, politika horien oinarriak erraustea ez, baizik eta murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea izan behar dutela uste du Greenpeacek.
Zentral termikoa eta portua
Ikatzezko zentral termikoak energia sistema «zaharkitu» baten erakusgarri dira, erakunde ekologistaren iritziz. Ildo horretan, horrelako zentralak «lehenbailehen»energia berriztagarriekin ordezkatu behar direlakoan dago. Eusko Jaurlaritzakzentralari eskainitako Ingurumen Baimen Bateratua emateko prozedura «okerrez beterik» dago. Horregatik, helegitea jarri dio EAEko Auzitegi Nagusian.
Kezkatuta agertu da ere Eusko Jaurlaritzak Pasaiako kanpoko portuari eskaintzen dion babesa dela-eta. «EAEko bioaniztasunaren estrategiak dituen xedeetatik oso urruti dago, eta ez du justifikazio ekonomikorik. Jaurlaritzak kanpoko portua ez eraikitzearen alde egin behar du». Espainiako Greenpeaceko buru Juan Lopez Uraldek adierazi duenez, «ingurumen politika iraunkorren aldeko apustu sendoa» egin beharko luke Jaurlaritzak.
Lopezen ingurumen politika kezkaz hartu du Greenpeacek
Errauste planten eta Pasaiako kanpoko portuaren aurka agertzeko eskatu diote ekologistek Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu