Patxi Lopez EAEko lehendakariak gaitzetsi egin du Espainiako Kongresuko Mahaiak Amaiurri parlamentuan taldea izatea galarazteko erabakia. Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren gaineko kontrol saioan, UPDk gai horri buruz galdetu dio, eta Lopezek gogora ekarri du azaroaren 20ko hauteskundeetan «euskal gizartearen zati garrantzitsu batek» Amaiurren alde bozkatu duela. «Hori ezin da etengabe auzitan jarri», gaineratu du. Haren iritziz, erabaki hori «hutsegite politikoa da», ezker abertzaleak «beste behin ere biktimarena egiteko aukera izango duelako, eta halakorik ez dute merezi».
EAEko lehendakariaren ustez, «adimena» erabili behar da: «Ezin da beti errealitate horren aurka jo, haren ilegalizazioak eskatzen eta talde propioa izatea galarazten, nahiz eta Ganberako araudiak baimendu».
PPk, berriz, bere posizioa argudiatu nahi izan du. Kongresuko Mahaiko presidenteak, Jesus Posadak, aipatu du azterketa juridiko batean oinarritu direla eta «pisuzkoa» izateaz gain «nahikoa» dela. Aurreko Kongresuko presidenteak, Jose Bonok, astelehenean adierazi zuen zerbitzu juridikoen arabera, «legezko eskubidea» duela Amaiurrek taldea izateko. Posadak, ordea, adierazi du Bonoren esana «iritzi bat» baino ez dela, eta azterketa juridikoa herenegun arratsaldean «oso denbora gutxian» egin zela. Hamazortzi diputatuz osatutako talde misto batek funtzionatzeko dituen zailtasunari buruz galdetuta, Posadak aitortu du «konplikatua» izan daitekeela, baina espero du Mahaiak formulak bilatuko dituela ordezkaritza txikiko alderdiek adierazpidea izan dezaten.
Agian bai, agian ez
Celia Villalobos Kongresuko Mahaiko presidenteordeak (PP), berriz, «amarrutzat» jo du Amaiurrek Sabino Cuadra Nafarroako diputatua ez aurkeztea, eta araudiari izkin egin nahi izan diotela kritikatu du. Haren esanetan, Amaiurrek Geroa Bairekin akordio bat egingo balu ere, ez luke balioko, Cuadrak jada ez duelako denborarik izango asteleheneko oso bilkura baino lehen baimena lortzeko eta orduan amaitzen delako taldea osatu ahal izateko epea. «Guk legea ezarri dugu, eta Amaiurrek beste bide batzuk hartu izan balitu, UPDrekin egin dugun bezala, taldea baimenduko genukeen, agian», iradoki du. Agian bai, agian ez.
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko eledunaren arabera, PPko agintariek aurretik egindako adierazpenak kontuan hartuta, aurretik jakin zitekeen zer erabaki hartzera zihoazen. «Huts juridiko baino gehiago politikoa da». Erkorekaren arabera, Amaiurri ez zegokion taldea osatzeko eskubidea, baina juridikoki «eskuzabal» joka zezakeen Kongresuko Mahaiak. «Mahaian gehiengoa duenak borondate politikoa adieraztea beharrezkoa zen, eta azkenean ez da halakorik izan», deitoratu du.Erkorekaren arabera, CiU eta PSOE abstenitu izanak erakusten du juridikoki ontzat jotzen dutela erabakia, baina ez politikoki.
Lopezen ustez, Amaiurri taldea ukatzea «hutsegite politikoa» da
Erkorekaren ustez, «huts juridikoa baino gehiago politikoa da», eskuzabal joka zitekeelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu