Lopezen ustez, Estatutua denek tokia duten bizikidetza eredua da

ETAren aurkako borroka «garaitzeko bidean» dagoela esan du lehendakariak, Estatutuaren urtemugaren ekitaldian

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatzeko «hamaika arrazoi» daudela esan du Patxi Lopez lehendakariak itun hori onartu zenetik 31 urte bete diren honetan. «Elkartasuna», «ezberdinen arteko elkarbizitza» eta «askatasun gehiago» ekarri ditu akordio horrek, haren esanetan. Estatutuaren bitartez Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak lortu duten autogobernua «identitate desberdinen arteko topagunea» da, eta «askatasun eremu zabalak» bermatzen dizkie herritarrei. Halaxe adierazi du lehendakariak Estatutuaren 31.urtemuga ospatzeko Jaurlaritzak antolatutakoekitaldi jendetsuan.

Datorren urtetik aurrera urriaren 25a jai eguna izango da EAEn, PSEren eta PPren erabakiz Euskadiren Eguna izendatu dutelako egun hori. Eta ospakizun hori ahotan izan du lehendakariak ekitaldian bildutakoak agurtu dituenean: Euskadiren Eguna euskal herritar guztientzat «egun handia» dela adierazi du.

Estatutuaren «sakoneko esanahia» goraipatu nahi izan du Lopezek. Eskubideak eta askatasunak zabaltzeko, herria egituratzeko eta batzeko, eta ideien eta identitateen batuketatik etorkizuna partekatzeko balio du, Lopezen esanetan. «Autogobernua guztion elkargunea da, bakoitzak duen nortasuna galdu gabe, elkartasuna bilatu dezakeen plaza da».

Pozik dago lehendakaria aurten Estatutuaren garapenari eman zaion «bultzada handiarekin». Izan ere, behingoz «liskarra» eta «konfrontazioa» bilatzen zituzten proposamenak atzean geratu dira, eta Estatutuaren balioa agerian geratu da. Azpimarratu duenez, eskumen zerrenda luzea baino gehiago da Estatutua: «Denok tokia dugun bizikidetza eredua da».

Indarkeriaren amaiera

Lehendakariak gogor gaitzetsi du ETAk «jomugan» izan duela Estatutuaren oinarrian dagoen askatasunaren ideia. Alabaina, ETAren «totalitarismoaren» aurkako borroka behin betiko irabazteko bidean dela ziurtatu du. «Bide onean goaz. Guztiok, baita abertzale erradikalak ere, amaiera gertu dagoela jabetu gara. Amesgaiztoa azkenetan dela ohartu gara». Nolanahi ere, «iraganeko akatsak» errepikatu ez daitezen, une honetan «sosegua eta intelijentzia» beharrezkoak direla esandu lehendakariak.

Hala, indarkeriaren amaiera lor dadin, bi eskuak luzatuta izango dituela esan du. Batean «demokrazia» eskainiko du, eta bestean «are eta demokrazia gehiago». Esku batekin «askatasun eta tolerantzia ereduari» eutsiko dio, eta bestearekin, «demokraziaren bidea zein den erakutsiko» die «indarkeria utzi» nahi dutenei. «Terrorismoa» legearekin eta hitzarekin garaituko dela ziurtatu du.

Hutsune ugari

Joan den urtean bezala, hutsune ugari izan dira Estatutuaren aldeko ospakizunean. Izan ere, zer ospatu ez dagoela iritzita, EA, Aralar eta EBk ez dute parte hartuekitaldian. EAJk ere ez du ordezkaritza politikorik bidali, bainaerakundeen izenean Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Jokin Bildarratz Eudeleko presidentea, eta Mikel Martinez etaIñigo Iturrate Legebiltzarreko Mahaiko kideak izan dira. Ekitaldira sartu aurretik, Iturratek argi esan du Estatutuaren urtemuga ospatzeak ez duela zentzurik, baina herritarren ordezkari gisa «bere betebeharra» zela bertan egotea.

Alderdien aldetik, PSEren eta PPren ordezkariak izan dira nagusi Lehendakaritzako ospakizunean, baina baita enpresa, justizia, unibertsitate eta komunikabideetako ordezkariak ere. Halaber, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren goi kargudunak egon dira gonbidatuen artean. Espainiako Gobernutik ere lehen aldiz joan da ministro bat: Ramon Jauregi, Presidentziako ministro hautatu berria. Haren hitzetan, «identitate sorta zabalaren» topagunea da Estatutua, eta «euskal herritar guztien adierazpen politikoen errespetutik» elkarbizitza bermatu du. Horregatik ospatu behar da urtemuga, Jauregiren hitzetan.



Lan Onari sariak banatu ditu lehendakariak Estatutuaren ekitaldian

Estatutuaren urtemuga ospatzeko ekitaldian bertan, Lan Onari sariak banatu zituenatzo Patxi Lopez lehendakariak. Manu Leginetxe kazetariak, Imanol Arias aktoreak, Xabi Alonso futbolariak, Maria Luisa Laka euskara irakasleak eta Javier Ormazabal enpresariak jaso zuten saria. Osasun arazoak medio Leginetxek ezin izan zuen saria jaso, eta haren ordez haren anaiak, Beningok, hartu zuen.

«Eguneroko lanean izandako dedikazioagatik, jarraikortasunagatik eta ekimena edukitzeagatik» nabarmendu diren euskal herritarrak omentzen ditu Lan Onari sariak, Idoia Mendia gobernuko eledunak gogoratu zuenez.Jaurlaritzak1996az geroztik banatzen ditu sari horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.