Gaur argituko da Amaiurrek Espainiako Kongresuan talde propioa izango duen edo ez. Zalaparta handia sortu du gaiak, eta era denetako iritziak daude. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, «arrazoizkoena» Amaiurrek talde propioa izatea litzateke. Nafarroako Gobernuan dagoen alderdiak bestelako iritzia du, hala ere. Amaiurrek talde propioa izatearen kontra dago UPN, «finantzabiderako» eta «propagandarako bozgorailu» gisara erabiliko duela uste baitu. «Amaiurrek ez badu taldea edukitzeko eskubiderik, ez luke izan behar», esan zuen Carlos Salvador diputatuak. Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuak Kongresuko araudia betetzeko eskatu du, eta harrituta agertu da koalizioak Nafarroa «kanpoan» utzi duelako; «inoiz existitu ez den Euskal Herri horren konstituzioa baitute helburu».
Amaiurren Nafarroako diputatu Sabino Cuadrak ez zuen diputatu kargua hartu atzo, eta taldea hura gabe osatzeko eskatu dio koalizioak Kongresuko Mahaiari. Hala ere, hura gero gehituko zaio taldeari, eta Amaiurrek argi esan du, behin eta berriz, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako herritarren eskubideak defendatzera doala Madrilera. Amaiurreko kideek argi dute taldea osatzen uzten ez badiete «arrazoi politikoengatik» izango dela. Hala esan du egunotan Xabier Mikel Errekondo bozeramaileak, eta hala esan zuen atzo Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak ere. Taldea izaten utziko ez baliete beharrezkoa den instantzia guztietara joko dutela esan zuen, bestalde,Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak.
Talde mistoan geldituko diren alderdi txikiek argi daukate Amaiurrek talde propioa izatea nahi dutela, bestela, haiek ere mistoan egongo direlako, eta horrek, txikiak ia-ia desagertzea ekarriko duelako.
Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosen iritzian, gainera, horixe uste dute Kongresua osatzen duten alderdi gehienek. Zarzuelan egin zituen adierazpenok Barkosek, Espainiako erregearekin bilera egin ostean. Bilera erronda hasi zuen atzo Juan Carlos I.ak. Amaiurrek eta UPDk taldea izan dezaten, laguntza eskatu zioten hari CCko Ana Oramasek eta Compromis-Equoko Joan Baldovik. Baldovik bileratik irtendakoan esan duenez erregeak «perfektuki» ulertu du beraien eskaera. «Ulertu du, mistoan 23 diputatu bagaude, gutako askok ezingo genukeela ahotsik izan».
Oinarri juridikoak
PSOEren iritzian, Amaiurrek taldea izango duen edo ez «oinarri juridikoak» dituzten iritzien arabera erabaki behar da. Jose Antonio Alonso PSOEren kongresuko taldeko bozeramaileak esan zuen «araudiaren legalitatean» egindako interpretazioak baliatu behar direla. «Erabakiak ez du hautazkoa izan behar, baizik eta legalitatezkoa izan behar du, arautegia eskuan dela».
PPren bozeramaile Alfonso Alonsoren iritzian, ordea, «trikimailua» erabili du Amaiurrek «legea betetzen duen itxura egiteko». Baina, errealitatea bestelakoa dela ulertzen du PPk, eta koalizioak ez duela taldea osatzeko baldintzak osatzen nabarmendu du. Iñaki Oiartzabal EAEko PPko idazkari nagusiaren irudiko «erraztu» egin behar litzateke Kongresuan taldeak osatzea, «txikien tokia minimizatzen» ari dela inork esan ez dezan.
Lopezentzat, Amaiurrek taldea izatea da «arrazoizkoena»; UPNrentzat, ez
Uxue Barkosek dio Amaiurrek talde propioa izatearen alde daudela Kongresuko alderdi gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu