Urteroko ohiturari jarraituz, lore gorriz eta zuriz inguratu dute ehunka haurrek San Fermin, Aduanako zokoan. Loreak eskaintzearekin batera, haien desio eta eskarien berri eman diote santuari. Santos Villanueva apaizak elizkizun labur bat egin du, eta San Fermin eredutzat har dezatela eskatu die. Jotak ere abestu dituzte ekitaldian.
Lore eskaintza ez ezik, entzierro txikia ere egin dute haurrek goizean, Santo Domingo eskortetatik Udaletxe plazaraino. Eguerdi partean, berriz, kalejira egin dute Gazteluko plazaraino, erraldoi eta buruhandien laguntzarekin, eta gazte eta haurren dantza taldeekin batera.
Arratsaldean ere izango dute zereginik etxeko txikiek. Besteak beste, Rodezno kondearen plazan, Maese Villarejoren txotxongiloen ikuskizuna izango da.
Gauean, eguneroko moduan, suak —Castelloko Tomas su etxearen txanda da gaur— eta kontzertuak izango dira.