Ezohiko batzarra egin du Iruñeko Udalak, txupina bota baino une batzuk lehenago Ikurrin handi bat zintzilikatu izanak eta txupinazoa atzeratzeak eragindako egoeraz eztabaidatzeko. UPNk ohar baten bidez jakinarazi duenez, udal taldeek ez dute adostu mozio ikurrina jarri izana kritikatzeko mozio bat. "Betikoengatik", UPNren arabera.
Udaleko alderdi gehienek kritikatu dute plazan gertatutakoa, Bilduk salbu. Enrique Maia alkatea "haserre" azaldu da gertatutakoarekin. Hiriarentzat "urteko unerik garrantzitsuena" dena "zapuztu" nahi izan dutela uste du, eta "lotsagarritzat" jo du ikurrina jarri izana.
Uxue Barkos NaBaiko bozeramaileak ere kritikatu du ekintza. "Ikurrinak udaletxeko balkoian egon behar duela defendatu dugunontzat ezin dugu inola ere onartu gaur norbaitek Sanferminen hasiera zapuzteko ikurrina jarri izana", azaldu du.
Eduardo Vall PSNko zinegotziak bota du suziria. Esan duenez, "ez da inor jaio festa hondatuko duenik", eta "erakundeekiko errespetu faltatzat" jo du ikurrina eskegi izana.
Bilduk gertatutakoarekin "zerikusirik" ez duela esan du Eva Aranguren koalizioko eledunak: "Gainerako zinegotzien une berean izan dugu ikurrinarekin gertatutakoaren berri".
PPNko Pepe Nuñezek, berriz, nabarmendu du iruindarrekiko eta nafarrekiko "errespetu falta" dela "beste erkidego bateko bandera" jarri izana.
Txupinazoaren balorazioa "ezin da ona izan", Ana Barrena Aralarreko zinegotziaren esanetan. "Baina alkatearen eta udal gobernuaren akusazioa izan da okerrena, esan baitigu ez dugula lotsarik, nahiz eta guk ez genekien ezer gertatuko zenaren inguruan", gaineratu du. "Apur bat penagarritzat" jo du gertatutakoa, baina ohartarazi du ikurrina "jazartzen" ari direnak "hanka sartzen" ari direla.
Edurne Egino Ezkerrako kideak, berriz, "irudimenez" eta "errespetuz" aldarrikatu behar dela defendatu du, baina uste du ez dela "zuzena" gaur plazan gertatutakoa: "Beste modu batera izan behar zuen".
Ikurrin erraldoi bat zintzilikatu dute udaletxe aurrealdean, eta hogei minutuz atzeratu dute txupinazoa.
Gertakariak, ikergai
Halaber, Iruñeko zaintzako epaileak jakinarazi du Ikurrina jarri dutenak ikertuko dituela, ordena publikoaren aurkako delitu bat egin dutelakoan.