bizikidetza

Loza: "Ezin dugu onartu esatea 1975etik aurrerako ETAren hilketak soilik direla justifikaezinak"

Madrilen EAEko ordezkariak esan du ekarpenak egingo dizkiotela Jaurlaritzaren 'Herenegun' programari.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria (erdian), atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2018ko urriaren 31
13:27
Entzun

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak adierazi du Madrilek ekarpen batzuk egingo dizkiola Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkaritzaren Herenegun programari, "ahal den adostasun handiena" lortzeko asmoz, eta uste du ETAren hilketa guztiak direla deitoragarriak. "Ezin dugu onartu esatea 1975etik aurrerako ETAren hilketak soilik direla justifikaezinak", esan du Bilbon, Forum Europan. "Izan ere, ez dago ETA on bat eta ETA txar bat". Lozak dio "guztiek" kendu behar diotela "zilegitasuna" ETAri, eta deitoratu du Sortuk ez egitea hori.

Herenegun osatzeko xedez, gobernuaren ordezkariak aipatu du kontuan hartu behar direla Espainiako Estatuan izandako "esperientzia positiboak", eta "entzun" egin behar direla Eusko Legebiltzarra eta hango Memoria eta Bizikidetza lanaldea. "Memoria da hildakoen erreparazio bakarra".

Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusiaren esanetan, "ahal den ahalegin handiena" egingo dute adostasuna erdiesteko. "Badakigu gai delikatua dela. Azaroaren 16ra artekoa da ekarpenak egiteko epea. Ongi hartuko ditugu denak, eta kontuan hartuko".

Jaurlaritzak duela hiru aste aurkeztu zue Herenegun unitate didaktikoaren materiala. ETAren historia eta testuinguru soziopolitikoa "gurutzatzen" ditu, ikasleek "pentsamendu kritikoa" garatu dezaten. Asmoa da 2019ko apirila eta ekaina bitartean ezartzea sare publikoko nahiz itunpeko zortzi ikastetxetan, esperientzia pilotu gisa. ETAren biktimen elkarte batzuen kritikak jaso ditu, baina hainbat biktimak sostengatu egin dute egitasmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.