Lozak asteon aurkeztu nahi du gaixo dauden presoei buruzko txostena

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen kasuak zehaztu, eta Barne Ministerioari proposamena egingo dioAurrez, Legebiltzarreko taldeekin bilduko da Jaurlaritzaren Elkarbizitzarako mandataria

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Jesus Loza Eusko Jaurlaritzaren Elkarbizitzarako eta Memoriarako mandatariak astebururako prest izan nahi du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoei buruzko txostena. Aurrez, aste barruan, Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin biltzeko asmoa du mandatariak, haiei proposamenaren berri eman, eta gaiaren inguruan adostasunak lortzeko. Ondoren, Espainiako Barne Ministerioari igorriko dio txostena, preso horiek askatzeko legezko baldintzak betetzen diren aztertzeko.

Lozak ez du aurreratu lantzen ari den zirriborroaren edukirik. Lehenago proposamena Legebiltzarreko taldeei aurkeztu nahi diela azaldu du. Hala ere, helburua «gaixotasun larri edo sendaezinaren kontzeptua mugatzea» dela adierazi du.

Nolanahi ere, Patxi Lopez lehendakariak hilaren 8an egindako proposamenen ildoari jarraituko dio legebiltzarkide sozialistaren lanak —hilaren 9an, Elkarbizitzarako eta Memoriarako mandatari izendatu zuen lehendakariak—. Euskal presoak pixkanaka Euskal Herrira gerturatzearen eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak askatzearen alde egin zuen Lopezek.

Hala ere, ez zuen zehaztu askatu beharreko preso horiek nortzuk diren, edo zein gaixotasun mota dituzten. Horixe argitzea izango litzateke, beraz, Loza lantzen ari den txostenaren egitekoa, ondoren Espainiako Barne Ministerioak proposamena azter dezan.

Joan zen astean, gaixo dauden euskal presoen jarraipena egiten duten medikuak biltzen dituen Jaiki Hadi taldeak ohartarazi zuen gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamabost euskal preso askatzearen premiaz.

Lehendakaria, diskrezio eske

Patxi Lopez lehendakaria Indian mintzatu zen atzo bakegintzari eta euskal presoei buruz. «Diskrezioz» lan egiteko deia egin zuen, Bakegintza eta Elkarbizitzarako Txostena «egia bihurtu dadin». Adierazi zuen bestelako espetxe politika bat gauzatzeko beharra dagoela, behar horretan adostasun handia dagoela, eta sinetsita dagoela «egun gutxi barru» hala izango dela.

Lopezen ustez, beharrezkoa da alderdi politikoen arteko adostasuna, «askatasun garai berrian aurrera egin eta elkarbizitza egonkortzeko», eta alderdiek bat egiten dute behar hori plazaratzean. Alderdien artean «diskrezioz» lan egiteko deia egin du, beraz.

Lozak Barne Ministerioari aurkeztu nahi dion txostenaren inguruan, lehendakariak jakinarazi du aspalditik ari direla proposamena lantzen. Eusko Jaurlaritzak gaixo dauden presoei buruzko proposamena PSOEren gobernuarekin elkarlanean «nahiko aurreratua» zuela esan du.

Gaia lantzen ari dela azaldu, eta adierazi du «bestelako espetxe politika baten beharrari buruzko adostasuna» handia dela, «baita herritarren artean ere». Hortaz, norabide horretan «laguntzeko eta aurrera egiteko» egiten den guztia «ondo egina» dagoela iruditzen zaio.

«Hitz gutxiago, lan gehiago»

Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du EAJk aspaldi ohartarazi duela gaixotasun larriak dituzten presoen gaia «konpondu beharraz». Askatu beharreko korapiloa dela, «ez arrazoi politikoengatik, humanitarioagatik baizik». Bakegintzarekin, normalizazioarekin eta biktimekin zerikusia duten gaiak «leuntasunez eta diskrezioz» landu behar direla adierazi du, «erabilera azkar batek prozesua lagundu ordez zaildu egin dezakeelako».

Lozarengan, ordea, berriketa ugari ikusi du EAJkoak. «Gutxiago hitz egin eta lan gehiago egiteko» esan dio. Lehendakariari, berriz, bakegintzari buruz «irudi kontuengatik» aritzea egotzi dio, eta ohartarazi dio horrela segitzen badu alferrik galduko duela bakea eta elkarbizitza gauzatzeko aukera. Nolanahi ere, azaldu du EAJk ez dituela oztopatuko «bake prozesuan lagun dezakeen edozein baliabide» edo lehendakaritzatik bide horretan sustatutako txostenak.

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, berriz, adierazi du Lozak iragarritako proposamenaren edukia ezagutu artean zuhurtziaz aritu beharra dagoela. Presoen gaiari heldu behar zaiola esan du, eta espetxe politika «mehatxu nahietatik kanpo» kokatu behar dela ohartarazi: «Garai berrian errezeta berriak behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.