Jesus Loza (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitzarako eta Memoriarako mandatariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren "lehentasuna" biktimei "ordaina" ematea eta haien "memoria" dela, eta apirilaren 3an Biktimen Kontseiluarekin bilduko dela iragarri du.
Martxoaren 30ean Legebiltzarrean egingo duten bakerako proposamenen inguruko eztabaidaren gainean esan du horrek "zeharkatuko ez diren marra gorri batzuk" zehaztuko dituela, biktimen "lasaitasunerako".
Lozaren arabera, bizikidetzarako prozesua euskal herritarrei dagokie, baina "Espainiaren laguntza" beharrezkoa dela uste du. "Ez da nahikoa hemen gauzak eginda. Ez gara bereizitako mundu batean bizi", gaineratu du.
Horrekin batera, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari jakinarazi dio "oso garrantzitsua" dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo pausoak ematea, Jaurlaritzan egiten ari direna helarazteko eta jendeak "ulertu, babestu eta lagundu" ahal izateko.