BECen ekitaldi bat antolatzea beti da erronka. Indar erakustaldiaren sinonimo izaten da, mobilizazio gaitasuna neurtzeko erabiltzen baita. Leku hutsak dituen BEC batek, betea dagoen batek eta gainezka dagoen batek ez dute erakusten indar bera. EAJ azoka sinbolikora joan zen atzo iluntzean, kanpainako ekitaldi nagusietakoa egitera. Jendetza bildu zuen bertan. Milaka herritar. Baina ez zuen lortu Bizkaia Arena aretoa betetzea. Ehunka eserleku hutsik geratu ziren, aulki bakoitzak zuen ikurrin eta guzti.
Hala ere, 18:00ak jo gabe zirela hotz samar hasitako ekitaldia berotuta amaitu zen bi ordu eta laurden geroago, ikurrin astinaldi orokor batekin, txalo zaparradekin, eta konfeti eta guzti. Ari, ari, ari, Urkullu lehendakari! izan zen lelorik errepikatuena, lehendakarigaiaren pozgarri.
Independentzia
Independentziaren aldeko oihuak ere egin zituzten EAJren milaka jarraitzailek; lotsati ekitaldiaren lehenengo zatian, eta ozenago amaiera aldean, baina askotan errepikatu gabe. Musikariak entzuleen ahotsen laguntzaz Ikusi mendizaleak abesten hasi, Euskal Herria diagu zain, presoak eta hilak ere bai... jarraitu, eta euskal kanta zaharren nahasketa amaitzean entzun ziren independentziaren aldeko lehen oihuak.
Bakartxo Tejeria Gipuzkoako hautagai jeltzaleak Antonio Basagoitiren hitzak gogora ekarri ondoren errepikatu ziren oihuak; Artur Mas Generalitateko presidenteak eta Urkulluk independentziarako akordioa egina dutela esan zuela gogoratzerakoan.
Urkulluren beraren hitzaldian egin zuten ozenen aldarria. «Konpromisoa dugu autogobernuarekin. Eguneroko eraikuntza nazionalarekin. Egunero independentzia irabaztearekin. Egin eta erabakitzeko askatasuna irabaztearekin». Ozen oihukatu zuten «Independentzia!» jarraitzaileek. «Egunero lan eginez. Egunero lan eginez», erantzun zien Urkulluk orduan.
«Etorkizun irekia» izateko asmoa azaldu zuen elkarbizitzarako akordioa egin nahi duela adierazi zuenean. «Estatus politiko berria» adostuko duela agindu zuen, defendatzen duena «burujabetza partekatua» dela, «modu arduratsuan elkarrekin bizitzea» proposatzen duela, eta bi aldeek onartutako adostasunean oinarritzen duela erabakimena.
Euskal herritarren arteko elkarbizitza normalizatua ere aldarrikatu zuen Urkulluk, «aurkari politikoek» jeltzaleak «etsai gisa» hartzen dituztela salatuta. Herritarren artean sortu diren «inkomunikazio harresiak» bertan behera utzi behar direla esan zuen. «Lubakien garaia» amaitu behar dela. «Euskadik konfrontazioaren orria pasatu eta elkar ulertzearen kapitulu eraikitzailea ireki behar du». Euskal herritarrak batzen dituztenei begiratzeko eskatu zuen, eta «garai berrirako» akordioa aldarrikatu zuen berriz.
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia galdeketen defentsan aritu zen: «Euskal gizarteak aspaldi ulertu zuen ez duela zatitzen galdeketa egiten duenak, entzuten ez duenak baizik».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
«Lubakien garaia» atzean uzteko nahia azaldu du Urkulluk
Kanpainako ekitaldi nagusietako bat egin du EAJk; milaka herritar batu ditu, baina ez du lortu BEC betetzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu