Gutxik kontatu ahal izan dute Comete sarearen parte izan, deportatu, eta kontzentrazio esparru batean bi urte pasatu ondotik bizirik atera izanaren istorioa, lehen pertsonan eta egiaz. Eta gutxiagok oraindik, II. Mundu Gerla bukatu zenetik 70 urte pasatu diren honetan. Zehaztasun handiz gogoratzen zuen bizi izaniko guzia, ordea, Lucienne Dassie Saboulardek (Baiona, 1926-2015). Duela hilabete batzuk Donibane Garaziko Mayorga kolegioko ikasleei eskaini ziena da egin duen azken testigantza.
Elkarrizketa hartan azaldu zuen Dassiek 16 urte bertzerik ez zuela atxilotu zutela SSkoek Baionan, orain arte bizi izan den etxe berean. Aita eta amarekin batera atzeman, eta Ravensbruck (Alemania) emazteentzako kontzentrazio esparruan eduki zuten bi urtez. 65 kilogramo zituen deportatu zutenean, eta 31rekin itzuli zen. Bi gurasoekin eraman zuten, eta itzuleran hil zitzaizkion biak, ahuleziari aurre egin ezinik. Mirariz egin zion hark aurre egoera zailari; amorruz batzuetan, eta umoreari esker bertze batzuetan. «Egoerak trufara itzuliz lortu genuen eustea, umoreari esker. Horrela babesten genuen geure burua; umoreari esker berreskuratzen genuen gizatasuna».
Paraxutistak etxean
Frantziako lurretan erortzen ziren paraxutista ingelesak hartzen zituen Dassie sendiak etxean, gero Gipuzkoara pasatu, Gibraltarreraino jaitsi eta handik Ingalaterrara itzul zitezen. Lau gizon, aldi bakoitzeko: bi goiko solairuan, eta bertze bi behekoan. «Baionako tren geltokira joan behar izaten genuen bila. Ez zen erraza, ingeles itxura handia baitzuten: ilegorriak ziren, eta tren geltokitik etxera zeuden bi kilometroak oinez egin behar izaten genituen haiekin». 1942 bukaeran hasi ziren Comete sarean laguntzen; hilabete batzuez aritu ziren: «Erresistentzia garaian, anitzetan huts egiten nuen eskola».
1943ko gau batean harrapatu zituzten arte. «Martxoaren 11 zen. Lo nengoen gelan, eta goizaldeko lauak aldera ernatu nintzen». Etxea inguratu zuten alemanek, eta Dassie aitari erran zioten akusatuak izan zirela. «Norbaitek salatu gintuen». Baionako kartzelara eraman zituzten aita, ama eta Lucienne bera, anaia gazteena etxean utzita: «Gurasoengandik bereizi ninduten, eta Gestapok lau orduz galdekatu ninduen». Ez zuen, ordea, nehor salatu: «Anitzetan hitz egina genuen erraten ahal edo ezin genuenari buruz. Sare guzia zegoen beha, hamasei urteko mukizu bat arriskutsua baita... Saiatu ziren zepoan erorarazten, baina ez nuen hitzik egin». Aste baten buruan Miarritzera (Lapurdi) eraman zituzten, eta hortik Fresneseko espetxera, Parisera. Romainvilleko esparrura gero, eta, azkenik, Ravensbruckera, amarekin batera. «Aitarengandik bereizi gintuzten. Buchenwaldera eraman zuten hura».
Gauez iritsi ziren Alemaniako kontzentrazio esparrura, baina egunak ez zien argitu parean atzeman zuten paisaia iluna. «Bertze zerbaitera pasatuak ginen. Bagoiko ateak ireki bezain laster, zakurrek ausiki egiten ziguten, azala urratzen. Ez genekien non geunden ere». Eta sartu bezala, bilakatuko zirenaren irudia: «Emazte batzuk baziren; arropa marradunez jantziriko eskeletoak». Dutxara eraman zituzten segidan: «Horri buruzkoak entzunak genituen Romainvillen. Beldur ginen; baina dutxak ziren». Eta beldurra gutxi balitz bezala, umiliazioa. «SSkoen aitzinetik ibili behar genuen biluzik, eta adi begiratzen ziguten gu gehiago umiliatzeko. Ni gaztea nintzen, baina zailena amentzat eta emazte helduentzat zen». Ilea moztu zieten, eta zituzten objektu guziak ebatsi. «Animalia izaera batera eraman nahi izan gintuzten. Eta lortu zuten gutariko anitz haustea».
Begi urdinak eta ile horia izateagatik haren jatorriagatik galdetu zioten esparruko mediku naziek. «Erran nien ene familia Gaztelakoa zela, eta, zorionez, nirekiko interesa galdu zuten. Zeren halako emazte ilehoriak prostituziora bultzatzen baitzituzten, haur ilehoriak ukan zitzaten SSkoekin».
Gosea, hotza, arratoiak...
Goizeko lauretan iratzartzen zituen kontzentrazio esparruko sirena hotsak, oihan baten azpian lurperaturiko lantegian beharturik aritzeko. «Blokeko leihotik emazte saldoak ikusten nituen lerrokatzen. Eta horien ondotik, haurrak: 2, 3 eta 4 urteko umeak, behaztopatzen, erortzen, negarrez eta beren amei deika». Gosaltzeko, «kafea deitzen zuten edari ilun higuingarri bat». Eta eguerditan, hiruzpalau aza-arbi koilarakada, zopa pixka batekin.
Gelatan banatutako txaboletan bizirik irauten zuten lan behartuen ondotik: «Blokeko nagusiak preso gogorragoak izaten ziren, maiz SSkoak berak baino are urdangagoak». Oholen gainean egiten zuten lo, lastaira eta estalki banarekin. «Arratoiak etortzen ziren gauez logeletara, eta gure lastairen gainean ezartzen ziren. Berotasun eske zetozen, tenperatura hemezortzi graduren peraino iristen baitzen. Goizaldeko lauretan alde egiten zuten, zaindarien etorreraz abisatzeko bezala». Kanpoan egiten zuten goizeroko deia, hotzez: «Zutik egoten ginen, eta emazte bat erortzen bazen, zafratu egiten zuten». Lagunen heriotza izan zuen begien parean: «SSko bat ikusi nuen presoak hil arte zanpatzen».
1945eko apirilean esparrua itxi zuten naziek. Milaka preso hartu eta berekin eraman zituzten, oinez. Martxa hartatik ihes egitea lortu zuten. Luzaz ibili behar izan zuten gero: «Oinez nindoala sentitu nuen hilko nintzela». Amak eman zion segitzeko kuraia, gaur arte. Ez, haatik, kalterik gabe. «Itzuleran ene baitan hetsi nintzen. Gizatasunari buruz galdekatzen nuen ene burua, eta orain ere arazoak ditut ulertzeko. Nola hel daiteke horretaraino Alemania bezalako herri garatu bat?».