gizARTEA

Luis Nuñez soziologoa eta kazetaria hil da, gaixotasunaren ondorioz

Euskarari buruzko hainbat ikerlanen egilea da. 'Egin' egunkariko erredaktoreburu izan zen. Gaur eman diote azken agurra Donostian, Errekalde auzoko tanatorioan. Iñaki Egaña historialariak dio "konpromiso handiko gizona" zela eta haren ekarpena "oso garrantzitsua" izan dela.

2009ko azaroaren 2a
11:26
Entzun
Luis Nuñez Astrain (Donostia, 1939) soziologoa eta kazetaria hil zen atzo, minbiziak jota, eta azken agurra gaur eman diote, Donostian, Errekalde auzoko tanatorioan, 15:00etatik aurrera.

Sorbona Parisko Unibertsitatean ikasi zuen Linguistika eta Soziologia, eta euskararen irakaskuntza eta egoera aztertuz hainbat ikerlanen egilea da: Así está la enseñanza primaria (1969), Euskara gaur (1971), Fonología consonántica de un dialecto del euskera de Zuberoa (1976), Opresión y defensa del euskera (1977), El euskera arcaico (2003), Parentescos y antigua extensión del euskera (2003) eta Antzinako euskaraz (2004).

1980an hasi zen Egin egunkarian lanean, eta erredaktoreburu izan zen. Punto y Hora de Euskal Herria aldizkariko zuzendari ere aritu zen. Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin itxi zuenean, Euskal Filologiako zenbait ikasturte egiteari ekin zion Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen.

La razón vasca (1995) ere idatzi zuen, eta Euskadi eta Askatasuna bildumaren koordinatzaile ere izan zen.

70eko hamarkadan ETA Berriko militantea izan zen, eta gero Herri Batasuneko batzarkidea Gipuzkoan.

Iñaki Egaña historialariak BERRIA.INFOri adierazi dio Nuñez "konpromiso handiko gizona" zela eta arlo ezberdinetan egindako ekarpena "oso garrantzitsua" izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.