Luis Oviedo (Ingurumen abokatua): "Aldaketak aldaketa, Nuclenorrek erabaki du luzapenik ez eskatzea"

Jon Rejado.
2014ko otsailaren 25a
08:23
Entzun

Garoñaren kontrako helegiteak urte luzez eraman ditu Luis Oviedo ingurumen abokatu eta Burgosko (Espainia) Ecologistas en Accion taldeko kideak. Gertutik bizi izan ditu zentral nuklearraren iraupena luzatzeko egindako araudi aldaketak, eta, hala ere, nabarmendu du ixtea baino ez zaiola geratzen Nuclenorri. "Aldaketak aldaketa, nire ustez, ez du aldatzen egungo egoera".

Araudiaren arabera, zein da Garoñaren egoera?

Juridikoki egoera oso argia da. Garoña itxita dago, eta ez du funtzionatzeko baimenik. Zapaterok zentrala 2013an ixteko agindu zuen. PPk agindu berria atera zuen, xedapen batzuekin, baina Nuclenorrek ez zituen baliatu. Hortaz, indarrean dagoen agindua Zapaterorena da.

Hortaz?

Zentrala ixteko arrazoiari heldu zion Espainiako Gobernuak. Nuclenorrek arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen, ez segurtasunekoak, eta bi neurri hartu zituen gobernuak: epe gehigarri bat zehaztu zuen, eta zentral nuklearren iraupena luzatu. Baina horrek ez du eraginik.

Zergatik?

Luzapena eska dezake, baina argindarra ekoiztu aurretik CSNk kontrolatu beharko du lan egiteko moduan dagoela, eta funtzionamendua baimentzeko ebazpen bat eman beharko du.

Hau da, Nuclenorrek eskaria aurkeztu ahal izango du, baldintza berri horietan.

Nire ustez, Nuclenorrek nahiko balu, edozein unetan eska dezake energia nuklearra sortzeko jarduteko baimena, nolabait esateko. Edozein unetan. Ordea, ustiapen baimenaren luzapena ez da nahikoa martxan hasteko. CSNren aginduei men egin behar die.

Eta hori muga bat al da?

Kontuan izan behar dugu CSNk ez dituela gutxituko zentralari 2009an jarri zizkion baldintzak, Zapaterok lau urterako baimena eman zionekoak.

Eta zer hobekuntza dira?

Gutxienez 2009ko hobekuntzak, Fukushimaren osteko estres azterketen eskutik agindutakoak. Jarriko dizkieten baldintzak ordukoak dira, eta orduko baldintzak betetzeko egin behar zuen inbertsioak garrantzitsuak ziren. Hau da, Espainiako Gobernuaren aldaketak aldaketa, Nuclenorrek erabakita dauka luzapenik ez eskatzea.

Ez eskatzea?

Denetarik gerta daiteke, baina ez dut uste harago joango direnik. Diru kontua da, eta inbertituko dutena ez dute berreskuratuko.

Ezta ustiapen baimena 60 urtera arte luzatuta ere? Espainiako Gobernuak hori aldatu zuen...

Espainiako Gobernuak 2.000 urte ere luza dezake, baina horrek ez du esan nahi hala izango denik.

Zergatik?

Gobernuak ematen dituen baimenak berrikusi behar dira maiztasun zehatzarekin. Horri gehitu behar zaio Europako Batasunak ezarritakoa. Baimena epe baterako izanda ere, Espainiako araudiaren araberako segurtasun azterketak izango ditu, baita Europatik agindutakoak ere.

Aurrekaririk ba al dago munduan?

AEBetan badaude 60 urterako baimenak. Gertatzen dena da, baldintza horietan ere, zentralak itxi egiten dituztela. AEBetako zentral nuklear batzuek iragarri dute segurtasuna bermatzeko inbertsioa berreskuratuko ez dutelako itxiko dutela. Baimena dago 60 urtez irekita egoteko, baina funtzionatzen duten munduko zentral zaharrenek 43 urte inguru dituzte.

Orduan, nola uler daiteke azken urteetan gertatutako guztia?

Jolas politiko bat da, Garoña ixtearen erantzulea nor den jakiteko. Esan beharrik ez dago PPk ez duela erantzule izan nahi. Gauza bat da benetan gertatzen ari dena, eta beste bat publikoki duten lehia. PPk irekita nahi du, baina Nuclenorrek, ez. Xantaia da, baina xantaia hori jasotzen duenak, gobernuak, erraztutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.