25 zientzialariz osatutako talde batek klima aldaketari buruzko ikerketa bat argitaratu du Reviews of Geophysics aldizkari zientifikoan. Munduko Ikerketa Klimatikoaren Programaren barruan (WCRP) egin dute lana, eta, emaitzek adierazi dutenez, atmosferako karbono dioxidoa (CO2) bikoizteak berekin ekarriko du Lurra 2,6ºC eta 3,9ºC artean berotzea.
Steven Sherwood Hego Gales Berriko Unibertsitateko klima zientzialari eta ikerketaren egile nagusietakoaren arabera, «berotze globala benetan zein txarra izango den» erakusten dute datu horiek.
1979an egin zen CO2ak bultzatutako klima aldaketaren munduko lehen ebaluazio integrala, eta hor aurreikusten zen Lurra 1,5ºC eta 4,5ºC bitartean berotzea; 2013. urtean egindako txosten batean ere emaitza bera eman zuten. Egin berri duen ikerketako datuek, ordea, berotze globalaren tartea zehaztu dute.
Ikerketa hiru ebidentziatan oinarritzen da: gaur egungo berotzeak adierazitako joerak, klima aldaketa moteldu edo bizkortu dezaketen atzerako eraginak, eta klima zaharretan oinarritutako lezioak. Sherwoodek adierazi duenez, ikerketak «ondorio sinple» bat dauka: «CO2a bikoizteak 2° C-tik gorako beroketa izango dela bermatzen du».