Jakes Bortairu Batera-ko kideak dio Nicolas Sarkozy politikoki «inongo prestaketarik gabe» etorri dela Euskal Herrira eta hori «probokazioa» dela.
Ostegunean, Sarkozy Euskal Herrian zen. Blokeo politikoa berriz agerian geratu zela diozue. Zergatik?
Politikoki inongo prestaketarik gabe etorri da Sarkozy. Segurtasun aldetik ere inprobisazio hutsa izan da. Baina probokazio hutsa da Euskal Herrira horrela etortzea, jakinez, edo ez daki eta hori larriagoa litzateke, hemen erantzunik gabe diren funtsezko eskakizun batzuk badirela.
Euskal lurralde elkargoari buruz eginadierazpenez zer diozue?
Chirac, Jospin... hautagai andana batek gauza bera errepikatu dute urteetan. Eta behin eta berriz frogatua izan da hautetsiak alde direla; herritarrek eskaera izenpetu dute kontsultatuak izateko. Batera-k bere medio txikiekin kontsulta handi bat antolatu zuen, non hautesleen %17k parte hartu zuten. Beraz, zein elementu dute errateko gehiengoak ez duela nahi? Guk diogu kontsulta bat egin behar dutela, eta orduan ikusiko dugu. Ez da deus berri erran; probokazio hutsa da. Beraz, gertatu dena logikoa da.
Justuki, UMPko tokiko ordezkariek gogor kritikatu dute Batera-ko kideak Baionako karriketan izatea Sarkozyren aurkako oihuak zirenean.
Bi gauza. Batera-k hautagai guztiei eskatua die biltzea, eta Sarkozy etorri baino lehen tokiko UMPko arduradunei galdatu genien harekin edo haren kabineteko batzuekin biltzea. Ez dugu oraino inongo erantzunik ukan. Bigarrenik, han ziren guztiek ongi ikusi dute gauzak nola gertatu diren, Poliziaren jokamolde inkontrolatuak ditu sortu izandako tira-bira guztiak. Bertakoen oihuak izan dira; gure papertxoak bota ditugu, baina besterik ez da izan. Inprobisazio politiko eta tekniko hutsak ditu sortu izandakoak. Baina ezin da Euskal Herrira etorri Frantziako beste toki batera doan bezala, hemen aspaldidanik erantzun gabe diren arazo politiko sakonak badira. Blokeo politiko hori da islatu ostegunean.
Jakes Bortairu. Batera-ko kidea
«Lurralde elkargoaz ez du deus berri erran Sarkozyk»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu