EAJko eta PSE-EEko ordezkaritzek bilera bat egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, zergen, enpleguaren, gizarte zerbitzuen eta ekonomiaren alorretako akordioari "azken bultzada" emateko. Aurreakordio bat itxi dute bi aldeek, eta orain EAJren eta PSEren zuzendaritzek onartu beharko dute. Irailaren 16an egin lezakete akordioa sinatzeko ekitaldia. Zerga erreformaren eduki zehatza egun batzuk barru jakinaraziko dute. Gaur, akordio orokorra iragarri dute.
Bi alderdiek adierazi dutenez, "Euskadi moderno, solidario, iraunkor eta lehiakorrago bat lortzeko akordioa" adostu dute. Itun horren lau ardatzak dira jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea, eredu sozialari eta zerbitzu publikoei "murrizketarik gabe" eustea, erakundeen egitura berrikustea "lehiakorragoak eta eraginkorragoak" izan daitezen, eta "berdintasuna eta iruzurraren aurkako borroka" aldezten duen zerga sistema bat adostea.
Zerga erreformak urteko diru bilketa BPGren %0,75 handituko duela kalkulatu dute EAJk eta PSEk: 500 milioi gehiago urte bakoitzeko.
Akordioa ez da ekonomia arlora mugatzen. Lurralde Historikoen Legea 2015. urtea amaitu aurretik moldatzea hitzartu dute. Beste horrenbeste egingo dute Udalen Legearekin 2014an zehar. Aurreakordioaren arabera, "arkitektura instituzionala" moldatu eta administrazioan erreforma bat abiatuko dute, "lehiakorragoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa" izan dadin.
Akordio "koherentea"
Idoia Mendia PSEko bozeramailearen esanetan, adostutakoa "ez da gobernu akordioa, ezta Eusko Jaurlaritza salbatzekoa, euskal gizarteari laguntzeko" ituna baizik. Jakinarazi duenez, legebiltzarrak erabakiko ditu fiskalitatearen ildo nagusiak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunak elkar lotuko dira. Mendiak nabarmendu du akordioa "koherentea" dela PSEk gobernuan zenean nahiz oposizioan defendatu izan duenarekin.
Bestalde, Joseba Egibar EAJko legebiltzarreko bozeramaileak irakurketa baikorra egin du akordioaren inguruan: "Ez dago lotuta aurrekontuen onarpena, baina garrantzia politikoa du: desblokeoaren ariketa bat izan da. Euskal politikagintzaren korapiloetako bat askatu da".
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere jardun du akordioaz, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian; nabarmendu du "herrialde akordio bat" dela, "ezberdinen artekoa", eta itunak erakunde publiko guztietan eragina izateko nahia azaldu du. Orobat, adierazi du Jaurlaritza eratu zenetik igarotako bederatzi hilabeteetan "bere konpromisoa" bete duela eta, "aurpegiratzeak" alde batera utzita, "aurrera begiratu" eta akordioak bilatu dituela.
Adostutakoa betetzen dela baieztatzeko, Akordioaren Jarraipen Batzorde bat osatuko dute, alderdi bakoitzeko bi ordezkariren partaidetzarekin.
Bi alderdiak lau negoziazio mahaitan aritu dira eztabaidan, atal bakoitzeko banatan. Udako oporraldiaren ostean, EAJk eta PSE-EEk ugaritu egin dituzte bilkurak irailean, adostasunera heldu ahal izateko.