Garapen Kontseiluak bultzatu Euskal Herriko mozkinentzako markaren gogoetak eztabaida anitz sortu du. Eztabaidatzeko unea izan zuten atzo Aiziritzen (Nafarroa Beherea), elkartearen biltzar nagusiaren karietara.
Mozkinen jatorriaren inguruan izaten dira desadostasunak. Hain zuzen, markak ez luke segurtatuko mozkina Euskal Herrian ekoiztua dela osoki, eta hori «onartezina» dela diote herri laborantza alde ari diren eragileek. Egitasmoa gauzatzen dabilen gidaritza taldeak adostu duenez, markaren barruan bi motatako ekoizpenak ezberdinduak laizke: osoki hemen ekoizturikoak eta osoki hemen moldaturikoak. Idoki elkarteko Jean-Mixel Berhok eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako Mixel Berhokoirigoinek beren kezkak plazaratu zituzten biltzarrean. «Jatorriari buruzko segurtamenik ez dugu; guk diogu marka duten ekoizpenak %100 Euskal Herrian ekoiztuak izan behar direla», zioen Berhokoirigoinek. Markaren aurkezpena egin zuen Pierre Mendibourrek, haatik, zioen ekoizleei «denbora utzi behar» zaiela, gehituzpoliki- poliki tokiko ekoizpenari buruz engaiatuko direla.
2008an abiatu zituzten gogoetak, «lurralde honen irudia erabili eta babestu nahi» dutelako, Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak zioenez. Hastapenetik izan dira eztabaidak, batez ere baldintzak erabakitzeko orduan. Ekoizpenaren jatorria ez duelako bermatzen, Kalitaldea kolektiboa egitasmoaren gidaritza taldetik atera zen iazko urte bukaeran. Idoki, Biharko Lurraren Elkartea, Sagartzea, Eztigar, Arrapitz, ELB, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta hainbat AOC sor-markaren sindikatu dira Kalitaldean partaide. Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua izanen dira markaren kudeatzaile, «Ipar Euskal Herriaren interesen defendatzaile eta ordezkari den egitura bat nahi dutelako eramaile gisa tokiko eragileek». Hori dela eta, bi elkarte horien estatutuak moldatuko dituzte. Bestalde, markaren oinarrian izanen den baldintza agiria adostuko dute udazkenerako.
Markaren gaia ez zen izan biltzar nagusian aipaturiko gai bakarra. 2011. urtearen balorazioa egiteaz gain, 2012. urteari begira dituzten egitasmoak aurkeztu zizkieten kideei. Laurogei bat lagun egon ziren Aiziritzen. Eragile sozio-ekonomikoen artean, zenbait hautetsi ere ziren. Besteak beste, Frederique Espagnac senataria eta Sylviane Alaux diputatua.
Estrategia sozio-ekonomikoa marrazten dabil Garapen Kontseilua, eta gogoeta horri lotu nahi dituzte tokiko eragile sozialak; 50 bat eragile dabiltza lanean, eta orain arte egindakoaz balorazio baikorra egin zuten biltzar nagusian. Geroari begira, urritik abendura, Ipar Euskal Herriko enpresei eta langileei buruzko erronkei begira gogoetatzen ariko dira, enpresa mundurako harreman eredu berri batzuk proposatzeko asmoz.
Gazteak gogoetari lotu nahi
Gazteak lurraldearen garapenari lotu nahi ditu Garapen Kontseiluak eta horri begira eraman lana ere aurkeztu zuten. Gazteen elkarteak bilduko lituzkeen kolektibo baten sortzeko xedea dute. 2009az geroz dabiltza publiko horri begira lanean. Batetik, Ipar Euskal Herria ezagutarazten dabiltza, irakaskuntzan tokiko adibideak proposatzeko aukerak emanez irakasleei edota zuzenki ikastetxeetara joanez. Bestetik, gazteriaren arloko eragileekin trukaketak bultzatuz, sektore hori hobeki ezagutzeko beharra sendi du elkarteak. Adibidez, iazko otsailean eragileen arteko topaketak antolatu zituzten, eta guztira 200 parte hartzaile elkartu ziren.
Euskal lurralde elkargoa ere ukan zuten solasgai. Hain zuzen, apirilaren 5ean adostu zuen elkarteak estatutu bereziak lituzkeen euskal lurralde elkargoaren aldeko jarrera. Orain eta udazkena bitartean, egituraketa horri begira adostasun orokorra lortzeko lanean ariko da Hautetsien Kontseilua.
Lurralde markak eztabaida beroa sortu du Garapen Kontseiluaren biltzarrean
Markak ez du osoki segurtatzen mozkina Euskal Herrian egina dela, eta horrek desadostasuna dakar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu