Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Herriko Etxea egiten ari den etxegintza politika salatu zuen atzo, Louis XIV.aren plazan. Donibane Lohizunekoa Ipar Euskal Herri osoan etxebizitza arloan egiten ari den espekulazio politikaren adierazle nabarmena dela jakinarazi zuen. Hain zuzen ere, Saint Joseph eskolaren salmenta deitoratu zuten. Herriko etxeak desjabetzeko aukera zuen, lehentasuna baitu erosketa egiteko. Auzapezak ez du onartu, prezioa sobera gora zela argudiatuz. Hori eginez, hiri barnean dauden eremuak «jabe pribatu eta espekulatzaileen esku» uzten dituela jakinarazi du kolektiboak.
Udako kanpainaren abiapuntua zela erran zuten. Agerraldia egin aitzin, Donibane Lohizuneko Ganbeta karrikan ibilaldi txiki bat egin zuten, etxe hutsen eta bigarren egoitzen errealitatea erakusteko. Kanpainak segida ukanen du, eta aurki bertze bi ekintza egingo dituzte. Uztailaren 6an auto karabana eginen dute Mauletik Donibane Lohizunera. Arratsaldeko bi orenetan abiatuko da, eta Baigorri, Kanbo eta Miarritzetik iraganen da, Donibane Lohizunera heldu aitzin. Espekulatzaileen lana oztopatzea izanen da ekimen horren xedea.
Bigarren ekimenak lurraren kudeaketa txarra salatzea ukanen du helburu. Ipar Euskal Herri barnealdean ere, lurraren kudeaketa txarra dela adierazi du Xabier Tubal Abrisketa Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideak. Kostaldean turismoaren eta espekulazioaren eragina nabarmena da, haren esanetan. Herriko etxeek gutxitan baliatzen dute desjabetze eskubidea, eta, horren ondorioz, gazteak behartuak dira kanpora ateratzera. Alta, orain artean laborantzarako erabiltzen ziren lurrak xahutzen dituzte etxebizitzak egiteko. Gainera, gazte horiek, kasu gehienetan, kostaldean egiten dute lan, eta behartuak dira autoa erabiltzera, auto metaketa handiak eraginez egunero.
43.882 etxe huts
Iaz egindako kontaketan 43.882 etxe huts edo bigarren egoitza zenbatu zituen Ipar Euskal Herrian Lurra eta Etxebizitza kolektiboak. 2006an 35.864 ziren, eta dena nabarmendu du Abrisketak. Etxe saltzaile agentziek egiten duten lana ez da neutroa kolektiboaren iritziz. Hori frogatzeko bideo grabaketak egin dituzte ezkutuan, saltegi horietan. Heldu den astean Interneten ezarriko dituzte ikusgai.
Kolektiboko kideek elkartasuna helarazi diete heldu den asteazkenean Baionan epaituko dituzten lau pertsonei. Maiatz bukaeran Plantoun auzotegiko etxe huts bat okupatu zuten.
Gaur egun, etxe horiek ezin dira ez erosi, ez alokatu. Alta, etxebizitza sozialak izan behar zuten. Eraikuntza akatsengatik mota horretako zortzi etxe daude hutsik auzotegian.
Lurren eta etxebizitzen espekulazioa gaitzetsi dute Donibane Lohizunen
Auzapezak espekulatzaileen jokoa egiten duela erran dute, udan egingo duten kanpaina aurkeztean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu