Hondamendia

Lurrikararen kalteei aurre egiteko ur edangarria eta osasun laguntza eskatu ditu Indonesiak

Herenegun arratsean Sumatra, eta, bereziki, Nias uhartea, astindu zuen lurrikara bortitzaren kalteei aurre egiteko ur edangarria eta osasun arloko laguntza bidal dezatela eskatu die Indonesiako Gobernuak nazioarteko estatu eta eta erakundeei. Orain arte 430 hilotz erreskatatu dituzte, baina hildakoen kopurua bi milara iritsiko dela uste dute agintariek.

2005eko martxoaren 30a
11:06
Entzun
Richter eskalan 8,7ko indarra hartu zuen lurrikarak, eta batik bat, Indonesiako bi uhartetan sumatu zuten eragina: Sumatra handian, eta, bereziki, haren itsasertzean dagoen Nias irla txikiagoan.

Hain justu, egoerarik larriena Niasen bizi dutela agertu dute Indonesiako agintariek, eta nazioarteko komunitateari eskatu diote ahalik eta lasterren ur edangarria eta osasun arloko laguntza bidal dezatela hara. Izan ere, ur edangarriaren hornikuntza sarea guztiz kaltetu du astinduak, eta bizilagunek arazoak dituzte hain beharrezkoa den gaia eskuratzeko.

Osasun arloko laguntza behar dutela ere agertu dute. OME Osasunerako Mundu Erakundeak jakinarazi du erizain eta medikuz osatutako 50 laguneko taldea bidaliko duela gaur Niasera, botikaz betetako hegazkin batean.

300 hildako Banyaken

Orain arte 430 lagunen gorpuak erreskatatu dituzte Nias uhartean, baina hildakoen kopurua bi milara irits daitekeela ohartarazi dute agintariek. Gainera, jakin berri da han inguruko beste uharte batean, Banyaken, gutxienez 300 pertsona hil direla. Nolanahi ere, Banyakekin zuzeneko komunikazio sareak etenda daude, eta informazio nahasiak baino ez dira iristen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.