etxe kaleratzeak

Lurzoruaren klausularen interesen ondoriozko kaleratzeak ugaritu egin direla salatu du Gipuzkoako Stop Kaleratzeak-ek

Europako Auzitegiak legez kanpokotzat jo du klausula; bezeroek eskatuta, bankuek bertan behera utzi behar dute kontratuetan. Elizabeth Ibarraren etxearen enkantea etetea lortu dute Donostian.

Donostiako Bulebarrean Stop Kaleratzeak-ek eginiko agerraldia. Esku emanda, Rosa Garcia eta Elizabeth Ibarra. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2015eko ekainaren 11
14:36
Entzun

Orain egun batzuk baino lasaiago dagoela dio Elizabeth Ibarrak; Targobankek —Banco Popularreko adarrak— bertan behera utzi baitu haren etxearen enkantea. Urrian jakinarazi zioten etxetik kaleratu behar zutela. 5.400 euro eskatzen zizkioten, atzeratutako kuotengatik eta “beste gastuengatik”; ez diote argitu, ordea, zeri dagozkion gastu horiek. Irailean, ordea, atzeratutako kuota guztiak ordainduta zituen, eta egunean zuen maileguaren ordainketa. Ibarraren aginduen kontra, bankuak hipoteka ordaintzeko dirua beste ordainketa batzuetara bideratu zuen. Ekainaren 18an enkantean saldu behar zuten haren Donostiako etxea, baina Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformaren eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren bitartekaritzari esker, lortu egin dute bertan behera uztea. Datorren astean izango dute zorra bernegoziatzeko lehen bilera. Ibarraren egoera berean Gipuzkoan jende ugari dagoela salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostiako Bulebarrean, Stop Kaleratzeak deituta.  

Haren maileguaren gaineko zoru klausula baliogabetzeko, ekainean auzitara eraman zuen bankua Ibarrak. Stop Kaleratzeak-eko kideek salatu dutenez, bankuak Ibarra zigortu nahi izan du eta horregatik aurkeztu du maileguaren gaineko auzi eskaera betearazlea. Hori onartu zuen Donostiako bigarren epaitegiaren egitekoa ere salatu dute: hain zuzen ere, Ibarrak Targobanken kontra Donostiako Merakataritza Arloko Epaitegian jarritako salaketaren epaia izan arte, Donostiako Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiak bertan behera utzi behar zuen bankuak jarritako salaketa, baina ez zuen hala egin.

Legez kanpoko klausula
Iazko irailean zoru klausula baliogabetu zuen Europako Auzitegiak. Haien kontratuetan klausula bertan behera uzteko, ordea, bezeroek eskakizuna egin behar diote bankuari. Maileguei aplikatutako interesetan gutxieneko bat ezartzen du lurzoruaren klausulak, eta nahiz eta Euriborra jaitsi, bankuak ez du interesen zenbatekoa horren azpitik jaitsiko. Gipuzkoako Stop Kaleratzeak-eko Rosa Garciak salatu duenez, zoru klausularik izan ez balu, ordainketei aurre egin ahalko zien Ibarrak —klausulak 400 euro garestitzen zizkion kuotak—. Ibarrak taberna bat dauka Donostian, eta autonomo legez egiten du lan; 7 urteko alaba bat du bere kargu eta biak bizi dira bankuak enkantera atera nahi zuen etxean.

2008ko urte hasieran eskatu zuen mailegua, eta orduz geroztik beti ordaindu dio bankuari. Azaldu duenez, hainbatetan zailtasunak izan dituen arren, ez ditu ordaingabeko kuota gehiegi metatu. Hipotekaren Legearen arabera, hiru kuota ordaindu gabe dutenean, bankuak kredituak exekutatu eta bezeroak etxegabetu ditzake. 

Donostiako Udalako EH Bilduko, Ezker Anitzako, Irabaziko, Ahal Duguko eta Equoko ordezkariak izan dira Bulebarrean egin duten elkarretaratzean. Stop Kaleratzeak-ek etxe kaleratzeen eta pobreziaren kontra egindako dekalogoa sinatu zuten alderdi horiek guztiek urte hasieran. Garciak dei egin die udal berriei, eta, “bereziki”, dekalogoa sinatu ez duten EAJko eta PPko zinegotziei, haien udaletan ere etxe kaleratzeak bertan behera utz ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.