gazte independentisten atxiloketak lapurdin

Lutxi Oxandabaratz: "Atxiloketa oso-oso bortitza izan da. Mehatxu egin digute pistolarekin"

Frantziako Poliziak Endika Perez gazte independentista atxilotu du Basusarrin, Baionako lan burtsan prentsaurrekoa eman ondoren. Ondoren hainbat hautetsik inguratuta joan da Baionatik Senperera bidean, eta Basusarrin geratu ditu Poliziak. Lutxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsiaren arabera, oso bortitza izan da atxiloketa; odol arrastoak ere badituzte. Goizean Jazint eta Xalbador Ramirez prentsaurrekora zihoazela atzeman dituzte.

jon ordonez garmendia
2011ko martxoaren 2a
15:31
Entzun
Frantziako Poliziak Endika Perez gazte independentista atxilotu du eguerdian, Basusarrin. Hainbat hautetsiren babesean zegoen orduan aurreko astean Izpuran euroaginduen aurka itxialdia burutu zuen gaztea. Atzeman aurretik, Baionan lan burtsan prentsaurrekoa eman du, eta gero Pyrenees ostatura joan da, hautetsiz eta senidez inguraturik. Senperera abiatu dira ondoren autoan, eta bidean atxilotu dute.

Lekukoen arabera, "bortizki" atzeman dute gaztea, autoaren beirak hautsiz eta modu zakarrean. Lutxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsia Perez zegoen autoan zihoan, Teresa Haltsuet, Elian Etxeberri, eta Jeff Harizgain hautetsiekin batera, eta kexu agertu da BERRIA.INFOri egindako adierazpenetan: "Hiru minutuko kontua izan da, oso-oso bortitza. Auto bat aintzinaratu da. Guk poliziei lasaitzeko eskatu diegu, baina eurek armak erakutsiz erantzun digute. Mehatxu egin digute pistolekin".

Urduri mintzatu da Gamarteko hautetsia: "Autoari kolpeka hasi dira, eta ateratzeko esan digute; baina kolpeka ari zirenez ezin genuen atera. Gerrikoak jarrita genituen, gainera. Beirak hautsi dituzte, eta odola ere egin digute; praketan, berokietan dauzkagu odol tantak". Endika Perez gaztea gerritik heldu eta hautetsien gainetik atera dute autotik, Oxandabaratzen arabera. Lurrean ezarri eta eskuak lotu dizkiote.

Ramirez anaiak prentsaurrekora bidean atxilotu dituzte

Goizean ere, Jazint eta Xalbador Ramirez anaien atxiloketan, Poliziak Jean-Francois Bederede Senpereko hautetsiari eta Elianne Etxeberria hautagai abertzaleari armak erakutsi dizkietela salatu dute. Perezek parte hartu duen prentsaurrekora bidean atxilotu dituzte Ramireztarrak. Bederede eta Etxeberriarekin zeuden atxiloketaren unean. Bi horiek eurak ere eramateko esan diete poliziei, eta hauek bortizki erantzun diete, armak erakutsiz. Jose Luis Aizpuru kazetariak Berriketan.info-n kontatu duenez, agerraldian hautetsiak gogor mintzatu dira; "sutan dira, Poliziaren jarreragatik".

Izpuran esan zuten moduan, bizitza publikoa egiten zuten Jazint eta Xalbador Ramirezek, deliturik ez dutela egin eta ezkutatzeko arrazoirik ez dutela argudiatuta. Gaurko hiru atxilotuekin zazpi dira jada aste honetan atxilotutakoak. Astelehenean Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Aitziber Plazaola eta Beñat Lizeaga atzeman zituzten. Zazpi horiez gain, Irati Tobarrek ere parte hartu zuten Izpurako itxialdian, euroaginduen aurka protesta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.