Tabernak ixteko ordutegia

Luzatu, loa eragotzi gabe

1997tik indarrean dagoen dekretua aldatu, eta tabernen itxiera ordua ordubete atzeratu asmo du Jaurlaritzak. Ostalariek aspaldi egindako eskaria da, krisiak eragindako kontsumo ohitura aldaketei aurre egiteko.

Jendea parrandan Bilboko Somera kalean. J. HERNEAZ / ARP.
ainara arratibel gascon
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ostalarien eta auzo elkarteen eskariak aurrez aurre jarri ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak taberna, jatetxe, pub eta dantzalekuak ixteko ordutegia luzatzeko onartu asmo duen dekretuak. Krisi ekonomikoaren eta leku itxietan tabakoa erretzearen debekuaren ondorioz izaten ari diren galerei aurre egiteko «ezinbesteko» neurria dela iritzi diote ostalariek. Auzo elkarteen arabera, berriz, herritarrek atsedenerako duten eskubidea horren gainetik dago, eta salatu dute gaur egungo ixteko ordutegia bera ere ez dutela errespetatzen taberna askok. Legea betez gero, halere, luzatzeaz hitz egiteko prest leudeke. Bien interesak babesten saiatuko dira udalak, haiek arduratzen baitira legea betearazteaz.

Egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen dekretua 1997koa da. Zaharkituta dagoela argudiatuta, ostalariak aspalditik ari dira hura aldatzeko eskatzen. Eusko Legebiltzarrak iazko maiatzean onartu zuen araudia aldatzeko legez besteko proposamena. Bertan, taberna, jatetxe eta dantzalekuen ixteko ordutegien gaia berriro aztertzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Ixteko ordua 45 minutu atzeratzea galdegin zioten, sektoreak ekonomikoki eta sozialki duen garrantzia aitortzearekin batera. Hainbat udalek ere onartu zituzten halako proposamenak. Jaurlaritzak esan zuen prest zegoela gaia aztertzeko, baina gaineratu zuen ostalarien eta herritarren interesak parekatu beharko zirela eta gaia Eudel Euskal Udalen Elkartearekin negoziatuko zuela. Badirudi negoziazio horiek bide onetik doazela, eta dekretu berritua urte hasieran jarriko dutela indarrean.

Taberna, jatetxe, pub eta dantzalekuek ordubete geroago itxi ahal izango dute ostiral, larunbat eta jaiegun bezperan, zuzentarauak dioenez; astegunetan, berriz, egun baino ordu erdi geroago. Udalek, gainera, orain baino eskumen handiagoa izango dute alor horretan. Hala, maizago eman ahal izango dituzte ordutegiak luzatzeko baimen bereziak. Gaur egun baimen horiek herriko jaietan, Aste Santuko, udako eta Gabonetako oporretan eta urteko beste hamar egunetan eman ditzakete. Egun horietan ostalariek bi ordu gehiago luza dezakete negozioa irekia edukitzeko ordutegia.

Tabernariak pozik daude Jaurlaritzaren erabakiarekin. Hala dio, behintzat, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusi Kino Martinezek. «Aste barruan ordutegia luzatzea ez genuen ikusten horren beharrezkoa, baina asteburuetakoa ezinbestekoa zen. Izan ere, gaueko astialdiari lotutako taberna, pub eta dantzalekuak dira krisia gogorren jasaten ari direnak, eta horiek batez ere asteburuetan dituzte bezeroak». Neurriak kalte gehien dantzalekuei egin diezaiekeela uste du. «Kexaren bat jaso dugu haiengandik. Izan ere, beldur dira tabernetatik beranduago atera, eta bezeroak ez ote diren etxera joango. Baina argi izan behar dute etsaia ez dela aurrean dagoen taberna, baizik eta jendea etxean geratzea».

Dena den, auzo elkarteak dira neurriarekin gehien kezkatuta daudenak. «Argi dugu ostalarien sektorea oso garrantzitsua dela ekonomiarentzat, eta bizia nahiz nortasuna ematen diela hiri nahiz herriei. Guk ostalarientzat onuragarria den edozein neurri babestuko dugu, baina beti ere herritarrek atsedenerako duten eskubidea errespetatzen bada. Eskubide hori ekonomia sustatzeko edozein neurriren gainetik dago», dio Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakari Javier Muñozek. Gainera, salatu du eurekin inork ez duela hitz egin ordutegi aldaketaz.

Udalek ere badute zeresana. Gasteizko Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Fernando Arangizek «begi onez baina tentu handiarekin» hartu du neurria. «Guk ahalegin berezia egingo dugu legea bete, eta bai herritarrentzat bai tabernarientzat onuragarria izan dadin egitasmoa». Martinezek azaldu du eurek beti defendatu dutela herritarrek lo egiteko duten eskubidea. «Baina auzo elkarteekin hitz egitea ez dagokigu guri, baizik eta Jaurlaritzari. Izan ere, hura da legeak proposatzen dituena».

Kontsumoan aldaketak

Neurria aspalditik zela beharrezkoa berretsi du Gipuzkoako ostalarien buruak, krisiak jendearen kontsumo ohiturak aldatu dituela uste baitu: «Aurrezte aldera, askok etxean edo lokaletan afaltzen dute. Gazteen artean ohikoa da hori. Lehen tragoak bertan hartzen dituzte, edo kalean taldean edaten dute. Orain urte batzuk pentsaezina zen goizaldeko ordubatean hastea tabernetara joaten. Egun, ordea, oso ohikoa da hori. Gainera, bezeroek gero eta gehiago begiratzen dute non eta zer kontsumitzen duten». Horregatik, Arangizek uste du luzatzea ez dela «panazea» izango. «Alferrik da denbora gehiago zabalik edukitzea, bezeroak erakartzen ez badituzte. Hori berrikuntzaren bidez eta eskaintza erakargarriak eginez lortzen da».

Auzotarrak «kaltetuenak»

Baina kontsumo aldaketa horiek tabernariei bezainbesteko kaltea egin diete herritar askori, Muñozen irudiko. «Tabernetako soinua kalera atera da. Tabakoaren legearen eta taldean edateko ohituraren ondorioz, tabernen kanpoaldean jendetza pilatzen da, eta soinua jasanezina da. Bilbon, adibidez, Zazpikaleetan ia ezinezkoa da asteburuetan lo egitea». Hala, legea errespetatzeko beharra defendatu du. «Berez, kalean ezin da edan. Baina legea ez da betetzen. Horregatik gaude gu ordutegiak luzatzearen aurka. Azken batean, soinu jasanezin horrek ordu gehiago iraungo du. Legea beteko balitz, errazagoa izango litzateke gai horren inguruan akordioa egitea». Martinezek defendatu du, haatik, taberna, pub eta dantzalekuek zorrotz betetzen dutela araudia. «Araudia oso zehatza da, eta, ez badugu betetzen, berehala jartzen dizkigute isunak».

Saltoki guztiek eskubide berberak izate aldera, guztiei ordutegia parekatzea defendatu izan dute ostalariek, beti ere saltoki motaren arabera. Muñozek, hala ere, ez du uste hala izan beharko lukeenik. «Herri bakoitzak bere errealitatea du. Tabernen pilaketa ere diferentea da auzo batetik bestera. Beraz, uste dugu horri egokituta jarri beharko liratekeela ordutegiak. Horretarako, azterketa zorrotz eta sakon bat egin beharko litzateke». Ez dator bat horrekin Gasteizko Udaleko Ekonomia zinegotzia: «Ostalari guztiei aukera berberak eman behar zaizkie. Kontrakoa bazterkeria litzateke».

Muñozek gogorarazi du azkenaldian hartu diren neurriak beti izan direla ostalarien aldekoak. «Bilbon, adibidez, orain hilabete batzuk udal ordenantza berrian murriztu egin dute taberna batetik bestera legez egon behar duen distantzia». Kontrako iritzia du Martinezek. «Turismoa erakartze aldera, oso garrantzitsua da gure sektorea. Baina turismoak gurean bezainbesteko garrantzia duen lekuetan, gehiago bultzatzen da ostalaritza», dio Martinezek. Hala, ekonomikoki eta sozialki sektoreak duen garrantzia babestu du. «Zer litzateke Donostiako Parte Zaharra tabernarik gabe?». Urte hasieran ikusiko da neurriak zein ondorio duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.