Emaitzen balorazioa egin dute alderdi politiko gehienek Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen biharamunean. EH Bilduk, esaterako, gaur bilduko du mahai politikoa, lehendakarigairik aurkeztuko duten erabakitzeko eta argitzeko nork beteko duen bozeramaile lana Eusko Legebiltzarrean. Koalizio subiranistak agerraldia egin du, eta Otegik igandean EAJri eta Elkarrekin Podemosi luzatutako eskuari eutsi dio: "Gehiengo zabalak posible dira. 75tik 57 legebiltzarkide erabakitzeko eskubidearen alde daude. Herri honek akordio zabalak behar ditu, eta posible dira, borondate politikoa behar da. EAJ eta Podemoseko asko akordio horien alde daude".
Akordio posibleei dagokionez, Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak onartu du EAJk lortu dituen emaitzekin zail izango dela haiekin subiranotasunaren aldeko akordioak lortzeko. "Oso erosoa da EAJrentzat PSE oso ikutu batekin akordioa egitea, hark lortu dituen emaitzekin ezin duelako ezer eskatu; baina, era berean, erabakitzeko eskubidearen alde daudela dioten horiek beste irakurketa bat ere egin beharko lukete".
Nagua Alba Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkariak agerraldia egin du, Eduardo Maura Espainiako Kongresuko diputatuarekin batera, atzoko bozetan Elkarrekin Podemosek lortutako emaitzen irakurketa egiteko. Argitu du Elkarrekin Podemosek "oposizio eraikitzailea" eta "irmoa" egingo duela. Maurak baztertu du EAJ babestea, eta erantsi PSEri dagokiola erabakiak hartzea. 156.671 boto eta 11 legebiltzarkide lortu ditu Elkarrekin Podemosek.
Laura Garridok (PP) ere emaitzen irakurketa plazaratu du: "PSEren emaitzekin alderatuta, argi dago konstituzionalisten botoei eutsi diegula. Ikusiko dugu, hala ere, zeintzuk diren alderdi bakoitzaren lehentasunak; guk argi dugu enplegua sustatu eta herritarren beharrak ase nahi ditugula, eta EAJrekin akordiorik egongo bada, haiek ere helburu horien alde egin behar dute".
Galdetuta EAJri babesa ematea Madrilen Rajoy babestearekin baldintzatuta ote dagoen Garridok nabarmendu du eskenatokiak desberdinak direla, "dena den, ez da ulergarria Urkulluk esatea Madrilen egonkortasuna behar dela eta gero Rajoyry babesik ez ematea".