ETA-ren adierazpena

"Luze gabe prozesua elikatzeko ekarpen esanguratsuak egiteko konpromisoa hartzen du ETAk"

Erakunde armatuari "zuzenean eragiten dizkioten auziak" elkarrizketen agendan sartzeko konpromisoa  ere adierazi du.

2014ko otsailaren 8a
09:12
Entzun

Bake eta konponbide prozesuan urratsak egingo dituela iragarri du ETAk, Gara egunkarira igorritako agiri batean. Erakunde armatuak esan du "prozesua elikatzeko ekarpen esanguratsuak" egingo dituela, eta neurri horiek "luze gabe" hartzeko konpromisoa agertu du.

Engaiamendu horien artean dago, halaber, Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordearekin harremanetan jartzea. Konponbideari begira has daitezkeen elkarrizketa eta negoziazio guztietan parte hartzeko prest dagoela dio, horietan ETAren ikuspegia eskaintzeko eta, "konponbide integralerako osagaien artean", erakunde armatuari "zuzenean eragiten dizkioten auziak elkarrizketen agendan sartzeko".

Urtarrilaren 29koa da agiria; Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "lege baliabideak" erabiltzeko hartutako erabakiaren eta urtarrilaren 11n Bilbon eginiko manifestazioaren ostekoa baina Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotzaren aurrekoa, beraz.

EPPKrena "konpromiso handiko urratsa" izan dela nabarmendu du ETAk: "Erabaki historikoak hartu ditu euskal eragileekin adostasunetara iritsi eta konponbideari aukera berriak zabaltzeko". Horren aurrean, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du, bitartekarien atxiloketak eta Tantaz Tantak antolatutako manifestazioaren debekua oroitaraziz.

Urtarrilaren 11ko manifestazioari, berriz, "ardura handiko urratsa" dela iritzi dio: "Egoerak eskatzen zuen tamainako erantzuna izateaz harago, euskal jendartearen sektore zabaletan itxaropena piztu du eta aurrerabidea marraztu du". ETAren ustez, urrats horrek "inflexio une bat" ezarri beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.