Uda bete-betean dago Euskal Herria, eta jaiez beteta heldu da aste hau. Santiagoak abiatuko dira Elizondon, Garesen eta Ermuan; santanak Ordizian eta Tuteran, eta madalenak Errenterian. Baionan ere festa handiak hasiko dituzte asteon, uztailaren 25ean, ostegunarekin.
Abuztuaren 2ra arte festarako aukera izanen dute Lapurdiko hiriburuan bertakoek zein kanpotarrek. Gasteizen ere hasiko dira motorrak berotzen: Andre Mari Zuriaren abuztuko festa aurreko Blusen eta Nesken Eguna ospatuko dute heldu den ostegunean, Santiago egunarekin batera. Jai lasaiago bat nahi duenak igandean Sohütan (Zuberoa) du horretarako aukera. Rene Cassin pastorala taularatuko dute, 15:30etik aurrera.